ERREPORTAJEA

Kirolean babesleku

Maider Ramirez Martin 2026ko otsailaren 22a

Ellakuriko estadioan jarri dugu hitzordua eta ni izan naiz ailegaten azkena. Kotxetik atera bezain laster ikusi ditut erreportaje honen hiru protagonistak, zain. Ez datoz bakarrik: Amarekin batera iritsi da Uxue, Olaia eta bere gurasoak Urduñatik egin dute bidaia eta Hugo txakurrak gidatu dio Maialeni bidean.

Futbolari gazteek hartzen dute zelaia eta bizpahiru atleta dabiltza pistari bueltaka. Aurkezpen azkarrak eginda, harmailetara jo dugu guk. Estadioko aulki zuri-gorrien deserosotasunak ez dio solasaldi mamitsuari oztoporik jarri eta hiru neskak batzen dituen horretaz mintzatu dira lasai. Ibilbide eta bizipen zeharo desberdinak ditu bakoitzak, baina bada hirurek partekatzen duten zerbait: denek aurkitu dute kirol egokituan beren egunerokoan ezinbesteko bihurtu den babesleku bat.

Argia tunelaren amaieran

Hamairu urte zituela galdu zuen Maialen Solaunek ikusmena. Aitarekin atera zen beste hainbatetan bezala bizikletan ibiltzera, eta aldapa bihurgunetsu bat jaisten izan zuen ezbeharra. Ia hogeita bi egun eman zituen koman eta, esnatu zenean, nerbio optikoan lesio bat zuela esan zioten medikuek. 
B

erarentzat eta bere ingurukoentzat oso une gogorrak izan zirela dio, baina gazteak argi izan zuen ezin zuela etsitu. ONCEko kideek goalballa praktikatzeko aukera eskaini zioten: “Frogatzea erabaki nuen, gustatu zitzaidan eta laster hasi nintzen gogor entrenatzen”. Kirol berri hori praktikatzen hasi eta urtebete baino gutxiagora, euskal selekzioan eta, ia aldi berean, Espainiakoan aritzeko aukera suertatu zitzaion.

Goalballeko Munduko Txapelketa jokatzeko aukera izan zune Maialenek 2017an

Ia zazpi urte eman ditu laudioarrak goalballean eta hainbat mugarri erdietsi ditu. Esaterako, Espainiako taldearekin Hungariako Munduko Txapelketara joan zen 2017an: “Ez genuen irabazterik izan, baina txapelketa horretara iristea sekulako lorpena izan zen niretzat, bizitako guztiaren ondoren”.

Dena den, bere saririk handiena garaikurrik gabekoa dela aitortzen du: “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzea izan zen niretzako benetako erronka. Ikusmena galtzea dolu-prozesu oso gogor bat igarotzea izan zen, egun batetik bestera pasa bainintzen primeran ikustetik ezer ez ikustera. Gainera, braillez irakurtzen eta idazten ikasi behar izan nuen, batere ezagutzen ez nuen sistema berri bat”.

Prozesu horretan zehar, kirola funtsezkoa izan zen harentzat. Antzeko egoeretan zeuden beste neska batzuk ezagutzeko aukera eman eta bere buruarengan konfiantza berreskuratzen lagundu zion.

Bizkarreko lesio baten ondorioz utzi behar izan zion Maialenek goalballa praktikatzeari, baina jarduera fisikoak presentzia nabarmena du oraindik bere bizitzan: bikotekidearen zein Hugo gida-txakurraren konpainian gimnasiora eta mendira joatea maite du, independentea eta kapaza dela sentiarazten baitio eta eguneroko tentsioak lausotzen lagungarri zaiolako. 

Badu, ordea, Maialenek arantza txiki bat oraindik: “Istripua izan nuenetik ezin izan dut bizikletan ibili. Hori zen nire pasioa eta nire benetako nahia tandema egitea da. Badakit Bilbon aukerak daudela txirrindularitza egokitua egiteko, baina tandema gidatuko lukeen neska bat beharko nuke, eta ez da hain erraza”. 

Atletismo pistaz haraindi

Erraza da Maialeni entzunaz hunkitzea eta bere hitzek erabat bereganatu dute inguruan eserita gaudenon arreta. Konplizitate keinuak egin dizkio Uxue Abasolok noiz edo noiz eta irribarretsu entzun dio Olaia Gurrutxagak. Badirudi neskek ondo ulertzen dutela zertaz ari den Maialen kirolak eman dizkion onurez mintzatzean, haien bizi-esperientzia oso bestelakoa bada ere.

Jaiotzetik du Uxuek alde biko gorreria sakona eta txiki-txikitatik dituen inplantei esker entzuten du. Bestelakoa da, ordea, Olaiaren kasua, adimen-desgaitasunarekin jaio baitzen bera. Ez da gaur elkar ikusten duten lehen aldia, Javi Conderen atletismoko talde paralinpikoko kideak baitira biak ala biak. 

Bere lehenengo Espainiako Kros Txapelketan bigarren zeharkatu zuen Olaiak helmuga

Olaia heldu zen lehenago Basauriko klubera, hamairu urte zituela, igeriketan ibili ondoren kirolez aldatzeko gogoa piztu zitzaion eta atletismoarekin frogatzea erabaki zuten etxean. Ordutik hamaika urte igaroagatik ere, emozioz gogoratzen du amak alabaren lehenengo lasterketa: “Entrenatzen hasi eta hilabete batzuetara, taldekide guztiak Espainiako Kros Txapelketara joango zirela esan zigun Condek. Niri barruak pixkat mugitu zitzaizkidan, urduritu nintzen. Lasterketan zehar Olaia bigarren postuan zihoan eta, hala izan zen, bigarren zeharkatu zuen helmuga. Oso hunkigarria izan zen”.

Uxuek bazuen atletismoan esperientzia duela bi denboraldi talde paralinpikora heldu zenerako, beste bi urtez egona baitzen aurretik Laudioko klubean. Hamazazpi urte ditu, gaztea da, eta bere ibilbide laburrean igotako podiumak ikusita, irabazteko egarria du oraindik. “Zenbatu ditut etorri aurretik etxean ditudan garaikurrak”, dio. “Sei kopa eta hamabost domina dira. Horien artean berezienak… beharbada azkenak, urtarrilean Espainiako Kros Txapelketa Inklusiboan irabazitakoak”. 

Hain zuzen ere, hirugarren postua lortu zuen Abasolok txapelketa horretako FEDDI probako banakako sailkapenean eta Euskal Federazioa lehena izan zen taldekakoan. Lasterketa inklusiboan ere urrea lortu zuten euskaldunek.

“Lasterketa hasiera markatzen duen pistolaren zarata ez dut ondo entzuten inplanteetatik. Nahiago nuke argi urdin bat piztuko balitz”

Ondo baino hobeto aritzea lortzen badu ere, bada Uxuek eskertuko lukeen zerbait, entzumen-desgaitasuna duela kontuan hartuta, mesede egingo liokena: “Lasterketaren hasiera markatzen duen pistolaren zarata ez dut ondo entzuten inplanteetatik, zarata distortsionatzen da. Horregatik, kolpetxo bat ematen didate bizkarrean, abiatzeko. Baina kolpe hori askotan zertxobait geroago heltzen da, eta ondorioz, ni atzerapenarekin ateratzen naiz. Nahiagoko nuke pistola-hotsarekin batera argi urdin bat ere piztuko balitz, nik momentuan ikusi ahal izateko”.

Korrika egitea maite dute bi gazteek baina pistatik askoz harago doa atletismoak ematen diena. “Giroa, giroa da Olaiari gehien gustatzen zaiona. Nik beti esaten dut: Entrenatzera beharrean tortilla pintxo bat jatera joango balira ere, gustura joango litzateke!”, kontatzen du bere aitak barre artean. Uxuek, bere aldetik, sinple bezain sakon azaltzen du kirolak ematen dion hori: “Lasai sentitzen naiz korrika egin ostean, eta buruan ditudan gauza txarrak pentsatzeari uzten diot”.

Zure seme edo alabak desgaitasun bat duela esaten dizutenean beldurra eta kezka dira gailentzen diren sentsazioak, “hasieran, bitartean eta baita ostean ere”

Ingurukoentzat ezinbesteko

Uxuek, Olaiak eta Maialenek kirola egitean sentitzen duten lasaitasun eta segurtasunak ingurukoengan ere badu bere isla. Ellakuriko gradetan eserita dauden hiru gurasoek bat egiten dute: Zure seme edo alabak desgaitasun bat duela esaten dizutenean beldurra eta kezka dira gailentzen diren sentsazioak, “hasieran, bitartean eta baita ostean ere”.

Maialen bere amaren paperean jarri eta aitortzen du: “Berarentzat ere, noski, shock handia izan zen itsu geratu nintzenean, baina goalballean hasi eta ikusi zuenean apurka-apurka gai izango nintzela ia edozer gauza egiteko, eta bizitza normal eta autonomo bat izateko, lasaitua hartu zuen”. 

Berdinen artean harremantzeari garrantzia ematen dio Maialenek, eta bat egiten du Susana Saizek, Uxueren amak. Bere ustez, aniztasun funtzionala duten seme-alabak dituzten familia guztientzat funtsezkoa da egoera bera bizi duten beste guraso batzuen laguntza izatea: “Arazo batekin topo egiten duzunean, egoera hori bizi duen jendea izango duzu alboan, laguntzeko prest daudenak”. Javi Conderen atletismo taldean topatu dute haiek ingurune seguru hori, mota guztietako desgaitasunak duten kirolarien eta bere familien topaleku eta sostengu bilakatu baita.

Baina atletismo pista eta zelaietatik kanpo, babes hori bizitzako beste esparru batzuetan ere bilatzea ezinbestekoa dela mahaigaineratu dute senideek. Bide horretan, hiru kasuetan, diagnostikoak jaso eta segituan ikusmen-, entzumen- zein adimen-desgaitasuna bizi duten pertsonak eta familiak laguntzen dituzten elkarteetara jo zuten, informazio eta lasaitasun bila: Ulertuz Bizkaiko Haur Gorren Familia eta Lagunen Elkartean parte hartzen dute Uxuek eta senideek txikitatik; Gorabideren zein Apnabiren laguntza jaso du Olaiak urte hauetan guztietan; eta ONCEren babesa izan du Maialenek istripua izan zuenez geroztik. 

Kirol taldeetan bezala, gazteei lagun sareak egiteko eta beren garapen pertsonala sustatzen duten esperientzia sozialak bizitzeko aukera ematen diete elkarteek. Familientzat, ordea, ezinbesteko euskarria dira: informazioa, orientazioa eta lasaitasuna eskaintzen diete ziurgabetasunaren aurrean, antzeko egoeretan dauden beste guraso batzuekin esperientziak partekatzeko aukera ematen diete eta behar zituzten baliabideak eskura jartzen dizkiete maiz.

Oztopoen gainetik

Aniztasun funtzionalaren bide gogorrak, badu, noski, bere aurpegi iluna. Sumina eta etsipen sentimenduak ere azaleratzen dira askotan, batez ere, traba burokratiko eta instituzionalei dagokienez. “Baliabide gutxi daude eta baliabideak pertsonalizatzeko eta familia eta ume horien larruan jartzeko prestutasun txikia”, dio, Susanak, Uxueren amak.

Deskonexiorako eta gozamenerako iturria topatu dute Maialenek, Uxuek eta Olaiak kirolean

Familia guztiek bat egiten dute oztopo burokratiko eta instituzional ugari daudela esatean: hezkuntza-plaza egokituen alde borrokatu behar izan dute, ikastetxe edo lantokietara heltzeko joan-etorri konplexu edo ezinezkoak proposatu zaizkie eta Araba eta Bizkaiko Foru Aldundien komunikazio eta koordinazio murritza pairatu dute.

Bide zail horretan aurrera egiteko, deskonexiorako eta gozamenerako iturria topatu dute Maialenek, Uxuek eta Olaiak kirolean. Beren senideek haiek harmailatik ikustean sentitu duten harrotasun eta bakea zaila da azaltzen. Horregatik, eskatu diedanean mezu bat bidaltzeko desgaitasunen bat duten eta kirola praktikatzen hasteko zalantzetan dauden gazte horiei, Maialenek jarri du hitzetan guztiek pentsatzen ari zirena: “Frogatzeko esango nieke, hasieran lotsa pixka bat sentitzen den arren, animatuko nituzke. Kirola egiteak fisikoki eta mentalki laguntzen dio gorputzari, eta gainera, lagun eta esperientzia berriak izateko biderik onena da. Nire bizitzako momenturik onenetarikoak kirolak eman dizkit niri”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide