La 2 kateko Ríos programak Nerbioi ibaia izango du ardatz martxoaren 22an emitituko den saioan. Bertan, Aiaraldea zeharkatzen duen ibai horren inguruan hausnartuko dute eskualdeko hainbat lagunek.
Iaiaiai taldeko irrintzilariak izango dira protagonisten artean eta azaldu dutenez, Luiaondo inguruan ibili dira haiek gehienbat. "Irrintziak eta gure praktika artistikoak grabatzen aritu ginen. Horrez gain, irrintziaren eta naturaren inguruko harremanaz ere hausnartu genuen", azaldu dio Nerea Iglesias Lili Iaiaiai taldeko zuzendariak Aiaraldea Komunikabideari. Nerbioi ibaiari lotutako bitxikeria eta kondairak ere partekatu zituzten.
Programaren arduradunek aurreratu dutenez, irrintzi taldeaz gain Amurrion, Laudion eta Goiurin ere egongo dira, besteak beste, txakoliari, nekazaritzari zein ardilatxari buruz hitz egiten, betiere Nerbioi ibaiarekin lotura eginez.
Itziar Etxebarriak Satya Eskolako kideak ere parte hartu du saioan eta azaldu du Urduñan basoan egiten dituen baso-bainuak.
Ibaiak ardatz
Ríos programa igandero emititzen dute RTVEren bigarren katean eta saio bakoitzean Espainiako estatuko ibai bat hartzen dute hizpide. Álex O’Dogherty aktore ezagunak jartzen dio telesailari ahotsa eta ikuslea gidatzen du ibai bakoitzaren ibilbidean barrena.
Ibai bakoitzaren ertzeetan kokatuta dauden zenbait herritan geldialdiak egiten dituzte, eta bertan, ibaiarekin zerikusia duten herritarrek haien bizipen eta gogoetak partekatzen dituzte.