Tubacex enpresako sindikatu gehienek (guztiak CCOO salbu) lanuzte gehiago egitea proposatu diete beharginei. Horren helburua da zuzendaritzak bilera deitzea eta lan hitzarmen berria proposatzea, langile erakundeek duintzat joko dutena.
Horretarako, bi orduko lanuzteak izango dira tresna martxoaren 5ean, 10ean eta 12an, eta hiru txandatan horrela banatuko dituzte:
- Gaueko txandan 04:00etik 06:00ak arte.
- Goizeko txandan 10:00etik 12:00ak arte.
- Arratsaldeko txandan 15:00etik 17:00ak arte.
Berez, atzoko protesta oso positiboki baloratu dute: "Instalazio guztiak gelditu dira, eta agerian geratu da batzordearen gehiengoak deitutako mobilizazioei babes handia eman zaiela".
Gauzak horrela, STATek, ELAk eta LABek langileak animatu dituzte mobilizazioetan modu aktiboan parte har dezaten eta enpresari adierazi diezaioten ez daudela ados orain arte egindako proposamenekin.
Bide batez, sindikatuek gogoratu diete Tubacexeko lankideei multinazionalak dibidendu ugari banatu dituela azken urteetan eta hori beharginen lanari esker ere badela:
- 2022: 8,1 miloi euro.
- 2023: 14,95 milioi euro.
- 2024: 25 milioi euro.
- 2025: 6,4 milioi euro.