Araba Euskaraz 2026

Eliteko zesta-punta jokalariak ikusteko aukera emango du Araba Euskaraz Masters Series txapelketak eta Aiaraldea Komunikabideak sarrerak zozkatuko ditu

Erredakzioa 2026ko martxoaren 3a

Txapelketaren aurkezpena. / Araba Euskaraz

Ameriketako Estatu Batuetan abiatutako zesta-punta egutegi profesionalak geltokia izango du Gasteizen hurrengo asteburuetan eta Aiaraldea Komunikabideak sei sarrera banatuko ditu.

Araba Euskaraz jaia Amurrion ospatuko dute aurten, baina euskara sustatzeko ekimenari lotutako ekintzak hasi dira jadanik. Horietako bat ostiralean izango da eta munduko zesta-punta jokalari onenetakoak eramango ditu Gasteizera. Sarrerak salgai daude dagoeneko, hemen.

Horrela, Araba Euskaraz Masters Series txapelketari esker, Ameriketako Estatu Batuetan denboraldia hasi duten hainbat pilotarik bisitatuko dute hiriburua. Zehazki, kirolariek bi finalerdi izango dituzte martxoaren 6an eta 13an eta finala hilaren 20an.

Emakumezkoen eta gizonezkoen kategoriak egongo dira eta ordezkari arabarrak ez dira faltako. Julen Del Rio Eusko Label Winter Series txapelketa entzutetsua jokatu duen atzelari gasteiztarra da. Duela bi urte txapela jantzi zuen Olaben, Erkiagarekin bikotea osatuta. Iaz aldiz, azpitxapeldun geratu ziren.

Maite Ortiz de Mendibil Antxetako pilotaria da eta 2022ko Munduko Txapelduna. Iaz Araba Euskaraz Master Seriesa irabazi zuen Arai Lejardirekin eta aurten Frida Watkins izango du lagun. Gasteizko txapelketarekin batera, gainera, emakumeen Euskotren Winter Seriesa lehiatzen arituko da, Durangon.

Hirugarren arabarra Aaron Gonzalez de Matauko da. Duela bi edizio ere jokatu zuen eta Danian (Florida, Ameriketako Estatu Batuak) hiru hilabeteko denboraldia egitetik dator, beste 20ren bat gazterekin batera. Aaronek Thibault Basque lapurtarra izango du atzean lagun, Winter Serieseko azken txapelduna.

Gainerako parte hartzaileak honako hauek izango dira emakumezkoetan: Lur Lejardi, Oaia Otaño, Helena Barrenetxea, Maialen Aldazabal, Oihana Sorozabal, Romane Mercadier eta Frida Watkins. Gizonezkoetan, aldiz, Aritz Erkiaga, Jon Zabala, Johan Sorozabal, Imanol Lopez eta Eñaut Urreisti arituko dira.

Partida guztiak Olabe pilotalekuan izango dira eta lehen kanporaketa martxoaren 6an, ostiralean, jokatuko dute, 18:30ean. Lur-Oaia lehiatuko dira Helena-Maialen bikotearekin eta gizonezkoen kategorian Erkiaga-Zabala eta Aaron-Basque arituko dira nor baino nor. Sarrerak hemen zozkatuko ditugu.

Martxoaren 13an leku eta ordu berean finalerako azken txartelak erabakiko dituzte Sorozabal-Romane eta Maite-Frida bikoteek eta Johan-Lopez eta Urresti-Del Rio, emakumezkoen eta gizonezkoen diziplinetan, hurrenez hurren. Zozketa hemen topatu daiteke.

Finala martxoaren 20an jokatuko dute Olaben 18:30ean. Zozketako sarrerak eskuratuta ikus daiteke, baina ETBk ere emitituko du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide