"Jantokien zerbitzua prekarioa den bitartean, umeek zerbitzu prekarioa jasoko dute"

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 10a

Eskola Publikoko jantokietako langileak, pankarta eskutan. / Aiaraldea.eus

MENTXU EGIGUREN ARRASATE, GORETTI ABIN, CARMEN OLIVER ALTUNA, NAROA UGARTE eta ANA TORRES Eskola Publikoko jantokietako langileak dira eta beste hiru eguneko greba deialdia abiatuko dute gaur. Euren aldarrikapenak eta egoera azaldu dituzte.

Hiru greba egunen ostean, beste hiru dituzue aste honetan. Zeintzuk dira horretarako arrazoiak?

Naroa Ugarte: Enpresak altxatu ziren negoziazio mahaitik eta ez dago lan hitzarmenean aurrera egiterik. Horrez gain, bost arrazoi nagusi ditugu lanuzteak egiteko: umeen ratioak, funtzioak, lanaldiak zehaztea, zor dizkiguten soldata igoerak eta ekiparazioa.

Zuen egoera azaltzen hasteko, jende askok uste du zuen lana dela janaria banatzea, besterik gabe, baina ardura gehiago dituzue, ezta?

Goretti Abin: Zerbitzu hezitzailea da, nahiz eta erakundeek ez ikusi horrela. Guretzat hezkuntza lana da.

Naroa Ugarte: Gure lanaldiko bi orduak topera ematen ditugu. Ratio handiak ditugu eta eskolak askotan mugan gaude. Horrez gain, ikastetxe ugaritan txandaka bazkaldu behar dute. Batzuk ateratzen dira, beste batzuk sartu, hiru txanda ere egon daitezke... 

Mentxu Egiguren: Ratioak oso altuak dira. Bi urteko bederatzi ume ditu langile bakoitzak. Hiru, lau eta bost urtekoen kasuan hamabost adingabe dira behargin bakoitzeko eta adin horretatik aurrera 37 haur langile bakarrerako. 

"Umeen ratioak langile bakoitzeko oso altuak dira, hori murriztea da gure aldarrikapen nagusia"

Naroa Ugarte: Gure ustez, bi, hiru eta lau urteko haurrak batera egon beharko lirateke ratio berarekin, hau da, bederatzi ume. Horrek ahalbidetuko luke langile gehiago egotea jantokietan eurak zaintzeko. Eta handik aurrera hamabost ume langile bakoitzeko. Guretzat garrantzitsuena da ratioak murriztea. 

Horrez gain, zein aldarrikapen azpimarratuko zenituzkete?

Naroa Ugarte: Gu LAB sindikatuko kideak gara eta ekiparazioa eskatzen dugu, hau da, langile publikoen baldintzak izatea. Beste sindikatu batzuek KPIaren aldarrikatzen dute, adibidez, baina guretzat ez da soilik diru kontua, hitzarmenak hainbat eskubide jasotzea ere nahi dugu eta hori Eusko Jaurlaritzaren esku dago.

Funtzioak argitzea ere exijitzen duzue, ezta?

Naroa Ugarte: Bai, jakin nahi dugu zer egin behar dugun eta zer ez. Gure lanean sartzen da sukaldea ere eta enpresaren esku badago, argi dago zer egin behar dugun, baina Eusko Jaurlaritzaren ardura bada, tira-birak hasten dira. Ez dirudi gauza handia, baina denbora da lan horiek eskatzen dutena eta norbaitek egin behar ditu. Umeekin lan egiten dugu eta ez makinekin.

Mentxu Egiguren: Jantokietan arazo bat dugu, jantoki arduraduna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko langilea dela eta gu beste enpresa batekoak. Arduradun horren izaeraren arabera hobeto edo okerrago bizi gara jantokietan. 

Goretti Abin: Funtzioak ez daude oso argi, nork edo nola interpretatzen duenaren arabera gatazkak sortzen dira. Horregatik, ezinbestekoa da argitzea zeintzuk diren funtzioak, norberak jakiteko zer egin behar duen benetan. 

"Ezinbestekoa da argitzea zeintzuk diren funtzioak, norberak jakiteko zer egin behar duen benetan"

Carmen Oliver Altuna: Urtero aldatzen digute arduraduna eta lan banaketa egonkortzen denerako, ikasturtea amaitzen da.

Lanaldiari lotutako aldarrikapenak ere jaso dituzue, ezta?

Naroa Ugarte: Umeak 13:00etan ateratzen dira eskolatik eta gu ordu horretan lanean egon behar gara. Hortaz, lehenago sartzen gara lanpostuan. 15:00etan sartzen dira jantokitik eta badoaz gelara berriro. Hor ere badago denbora gehiago, gu geratzen gara dena batzeko. Hamabost minutu dira, baina egunero.

Goretti Abin: Denbora gehiago behar dugu alergiak edota dieta bereziak dituzten umeen beharrak ganoraz kudeatzeko. Menuak egunero aldatzen dira eta menuaren barruan ere aldaketak daude. Ondo legoke denbora izatea bermatzeko alergia edota intolerantzia duen haur hori ez dagoela arriskuan. Maiz jardunean bertan egiten da hori eta arriskutsua da.

Nolakoa da zuen egunerokoa?

Mentxu Egiguren: Oso estresantea.

Ana Torres: Gure lana egiteko gero eta denbora gutxiago daukagu, gero eta betebehar gehiago ditugulako. Maiz ez dagokizkigun ardurak betetzen ditugu, jantokiko arduradunarenak direlako. Adibidez, bazkariaren tenperatura hartzea. Janaria garraiatua denean tenperatura hartu behar dugu heltzean eta zerbitzatu behar dugunean. Nik neurtzen dut bazkaldu baino lehen, baina nork egiten du lehenengoa?

Goretti Abin: Tenperatura neurtzea garrantzitsua da elikagaien segurtasuna bermatzeko. Laginak ere hartu behar dira eta hori ez litzateke gure lana izan behar. Beste datu batzuk ere jaso behar dira.

"Gure lana egiteko gero eta denbora gutxiago daukagu, gero eta betebehar gehiago ditugulako"

Ana Torres: Hori guztia Hezkuntza Saileko arduradunak egin beharko luke, baina nik egiten dut. Nik ez dut inolako oztoporik jarri inoiz, baina jakinarazi diet euren lana dela.

Mentxu Egiguren: Hori badakite, eta badakite zerbitzuak iraun bitartean jantokian edota jolastokian egon behar direla, baina ez da beti horrela.

Ba al dago arlo horretan bereziki larria iruditzen zaizuen konturik?

Goretti Abin: Behar bereziko umeek hezitzailea daukate jantokian, baina ez guztiek. Asko teorian autonomoak dira bazkaltzeko, baina jantokian ez da bakarrik bazkaltzen eta beste beharretarako guk lagundu behar ditugu. Arreta berezia behar dute eta hori eskaini bitartean ez dituzu beste lanak egiten. Gainera, tamalez, horrelako kasuak gero eta ohikoagoak dira. 

Nolako harrera sumatu duzue jantokien erabiltzaileen gurasoen artean?

Naroa Ugarte: Jantokien zerbitzua prekarioa den bitartean, umeek zerbitzu prekarioa jasoko dute. Gure egoera hobetzen bada, umeenak ere egingo du hobera.

"Behar bereziko umeek hezitzailea daukate jantokian, baina ez guztiek. Asko teorian autonomoak dira bazkaltzeko, baina jantokian ez da bakarrik bazkaltzen eta beste beharretarako guk lagundu behar ditugu"

Zuen aldarrikapenek bi hartzaile ezberdin dituzte: enpresak eta Eusko Jaurlaritza.

Naroa Ugarte: Funtzioak eta ratioak Hezkuntza Sailarekin negoziatzen dira eta soldatak eta abar enpresekin. Aste honetan hiru greba egun egin ditugu, baina ez badute erantzuten, greba mugagabera jo beharko dugu.

Goretti Abin: Niri iruditzen zait Eusko Jaurlaritzak bere burua aurkeztu duela bitartekari moduan, baina Hezkuntza Sailak oso eskumen garrantzitsuak ditu gatazka honetan. Eragile oso inportantea da, eurekin biltzen garenean, esaten digute enpresekin akordioa lortu behar dugula, baina eurek ere badute zer esan.

Ana Torres: Nik ikusle gisa sumatzen ditut, bitartekari moduan baino, eta alde garrantzitsua dira gatazkan, dirua erakunde publikoek bideratzen baitute.

Hedabideek hautsak harrotu dituzte ikasle batzuek ogitartekoak sartu dituztelako jantokietan greba egunetan eta ez zaielako ahalbidetu. Zer esan dezakezue horri buruz?

Mentxu Egiguren: Jantokiko langileen lana ez da soilik janaria banatzea, zaintza ere bada gure betebeharra. Nork zainduko ditu umeak ogitartekoa jan bitartean? Eta alergiak badaude? Hori izan da Sailburuaren hanka sartzea, debekatua baitago janaria eramatea eskolara, segurtasunagatik.

Carmen Oliver Altuna: Ez dugu bakarrik janaria zerbitzatzen. Kontrolatzen dugu zer jan dezakeen nork, laguntzen ditugu gelatik jantokira eta alderantziz, laguntzen ditugu, oro har...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide