Martxoaren 17ko Greba Orokorrera batzeko Aiaraldean “arrazoiak soberan” daudela aldarrikatu dute

Txabi Alvarado Bañares 2026ko martxoaren 9a

Amurrioko Refor enpresaldean egin dute datorren asteko lanuztera atxikitzeko eskualdeko agerraldia, Tubos Reunidoseko, Maderas de Llodioko, jantokietako eta beste enpresa eta sektore batzuetako langileekin. 

Martxoaren 17rako Greba Orokorra deitu du Euskal Herriko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiruk). 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzea izango da ekimenaren xede nagusia, “Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko” lemapean.

Deialdi horrek isla izango du Aiaraldean ere. Larunbat goizean dozenaka lagun batu ziren Amurrioko Refor enpresaldean eginiko agerraldian. Tubos Reunidoseko, Maderas de Llodioko, Tubacexeko edota eskoletako jantokietako langile ugari bertaratu ziren, beste enpresa eta sektore batzuetan jarduten duten beste horrenbeste langilerekin batera. 

Bertan nabarmendu zutenez, Aiaraldean “arrazoiak soberan” daude greba orokorrarekin bat egiteko. Alde batetik, azken urteetan pairatutako “bizitzaren garestitzearen” auzia jarri dute mahai gainean. “Geroz eta gehiago, bizitzaren garestitzea errealitate gordin bilakatzen da auzokide askorentzat. Enpresarien mozkinek gora egiten duten bitartean, gure soldatak ez dira neurri berdinean handitzen. Eta inflazioaren krisiak erosahalmena galtzea ekarri du azken urteetan”, salatu zuten. 

Hainbat datu jarri zituzten horren adibide gisa: “Gaur egun, Hego Euskal Herrian bost langiletik batek gutxienekoaren azpitik dagoen soldata kobratzen du (…) Gainera, ezin da ahaztu horietatik ia %67a emakumeak direla, ia % 50 Euskal Herritik kanpo jaiotakoak, eta %25ak 30 urtetik beherakoak”. 

Eskualdeko egoera, "bereziki kezkagarria"

Dena den, agerraldian nabarmendu zutenez, gutxieneko soldataren aldarrikapenetatik harago doaz Aiaraldean greba orokorra egiteko motiboak. Horren adibide gisa jarri dituzte Maderas de Llodion eta Tubos Reunidosen mahai gainean dauden kaleratze kolektiboak. “Industria ehuna kolokan dago, eta ehunka familia etorkizun ilun baten aurrean”, ohartarazi dute.

Agerraldian nabarmendu zutenez, gutxieneko soldataren aldarrikapenetatik harago doaz Aiaraldean greba orokorra egiteko motiboak. Horren adibide gisa jarri dituzte Maderas de Llodion eta Tubos Reunidosen mahai gainean dauden kaleratze kolektiboak.

Horren aurrean, “beste alde batera” begiratzea leporatu diete erakunde publikoei, Refor enpresaldean bertan garatzen ari den Industria Mahaiaren jokatzeko modua kritikatuz. “Eskualde honen etorkizuna ez dago inbertsio espekulatiboen menpe uzteko moduan. Ardura politikoa dute, eta ardura hori hartzea exijituko dugu ere martxoaren 17an”, nabarmendu dute. 

Dena den, “kolpe latzak” jaso arren, “antolatuta eta indartsu” jarraitzen dutela ziurtatu dute, eta aldarrikatu dute azken urteetan lortutako garaipenak “presioaren, antolakuntzaren eta konpromisoaren fruitu” direla. 

Egun osoko egitaraua

Greba egunerako egitaraua ere aurkeztu dute dagoeneko. Goizeko bostetan hasiko da mugimendua, piketeak antolatuta eskualdeko industriaguneetatik. Eguerdian Gasteizko manifestaziora joateko deia egin dute, eta arratsaldean eskualdeko mobilizazioa egingo dute Laudion, 18:00etan Lamuza plazatik abiatuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide