Beste urte batez abiatu du Errigorak Eskutik eskura kanpaina, gure kontsumo hautuen bitartez "herria egiteko". Haien web orrialdearen bidez egin behar dira eskaerak martxoaren 18a baino lehen. Gainera, produktuz beteriko bi saski zozkatuko ditu Aiaraldea Komunikabideak.
Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko produktuak Euskal Herri osoan zehar zabaltzen ditu Errigorak, kontsumo-ohiturak eraldatu eta Ager eremuan euskara sustatzeko helburu bikoitzarekin.
Eskutik eskura kanpainan, hain zuzen, urte guztirako eskaerak egitea da
planteatzen dutena eta, hortaz, oliba-olio birjina estra bidoi handietan eskaintzen dute eta gainontzeko produktuak 12 unitateko sortetan. Salbuespena dira arroz ekologikoa, ardo-sortak eta arbendolak 6ko lotetan banatuko baitira horiek.
Hainbat berrikuntza
Hainbat berrikuntzarekin dator aurtengo kanpainia. Eskaintzari dagokionez, badituzte aurretik eskaini ez dituzten produktuak, hala nola babarrun zuri ekologikoak, pikillo ekologiko zatituak, eta pasta sortak.
Baina kanpainiaren edizio honetan, elikagaiak banatzeaz harago, "kontsumitzaileek elikadura-sistemaren barruan duten zeresana" azpimarratu nahi izan du Errigorak eta emanaldi berezi bat prestatu du horretarako, Asisko Urmenetaren irudigilearen eskutik.
Eragin saskiari! izenburupean, Euskal Herriko hainbat txokotan Errigoraren jatorria eta misioa "modu irudimentsu eta artistikoan" azalduko die ekitaldira gerturatzen direnei eta hausnarketarako tartea ere luzatuko du gero.
Euskal Herriko txoko ezberdinetan egon ostean, Amurriora helduko da martxoaren 18an, kanpainaren azken egunean, alegia. 11:00etan izango da emanaldia, AEK euskaltegian, baina ikasleei ez ezik, edonori irekia izango da.