Eskualdeko hirugarren sektorearen gehiengoak bat egingo du martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorrarekin. Hala adierazi dute Laudioko Apill, Amurrioko Izan Amurrio eta Artziniegako Aemek. Merkatari eta ostalarien hiru elkarte horiek osatzen dute AEKO federazioa, eta bere izenean plazaratu dute komunikatua.
Hiru elkarteetako kideek elkartasuna adierazi nahi izan diete "Aiaraldean zailtasunak dituzten langile eta enpresa guztiei", eta merkataritza-sektoreak "gizarte-eragile aktibo, parte-hartzaile eta solidario gisa duen eginkizuna" aldarrikatu dute. "Beti aritu gara Aiaraldean arazoak dituzten enpresetako langileei laguntzen: Guardian, Tubacex, Glavista, etab. Eta orain elkartasuna adierazi nahi diegu Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio enpresei. Enpresa txikienekin ere bagaude, batzuk garrantzitsuenen mendekoak eta beste batzuk anonimoak edo ezezagunak", nabarmendu dute.
"Beti aritu gara Aiaraldean arazoak dituzten enpresetako langileei laguntzen: Guardian, Tubacex, Glavista, etab. Eta orain elkartasuna adierazi nahi diegu Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio enpresei"
Era berean, azpimarratu dute "lanpetuta eta kezkatuta" daudela ere euren sektoreak bizi duen egoerarekin: "Aiaraldeko hirugarren sektoreak, merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek hainbat urte daramatzate krisi sakona pairatzen: establezimenduak itxi dituzte, merkataritza-dentsitatea galdu dute, enplegua galdu dute, etab. Arrazoiak askotarikoak dira, batzuek hiriko merkataritzari eragiten diote oro har, eta beste batzuek Aiaraldean eragiten digute bereziki, eskualdeko industria-krisia dela eta".
Horregatik, "tokiko kontsumoari laguntzeko" deia luzatu diete Aiaraldeko langile guztiei: "Uste dugu gai batzuk ez daudela gure esku, beste batzuk bai, eta hemen egin dezakegu denok norabide berean arraun. Garrantzitsua da ordenagailuko saguarekin klik egin aurretik gogoeta egitea. Harea-ale bakoitzak, tokiko erosketa bakoitzak, hirugarren sektorearen egoera hobetu dezake. Denok eskutik joan behar dugu, industria, merkataritza, langileak, bizilagunak, erakundeak... pertsona eta erakunde bakoitzak bere aldetik jarri behar du Aiaraldea bizirik dagoen eskualdea izan dadin, gure bizi-kalitatea hobetu dezagun eta, ahal den neurrian, tokiko merkataritzaren aldeko apustua egin dezagun, hurbileko merkataritza, kalitatekoa eta lehiakorra izan dadin".
"Garrantzitsua da ordenagailuko saguarekin klik egin aurretik gogoeta egitea. Harea-ale bakoitzak, tokiko erosketa bakoitzak, hirugarren sektorearen egoera hobetu dezake. Denok eskutik joan behar dugu, industria, merkataritza, langileak, bizilagunak, erakundeak..."
Eskakizun zehatzak mahai gainean
Horregatik guztiagatik, hiru merkataritza eta ostalaritza elkarteek uste dute eskualdeko hirugarren sektoreak frogatu egin duela "eskualdeko greba eta aldarrikapen gehienak" babesten dituela, "guztiak ez badira ere". Horregatik, "errespetua" eskatu dute "negozioa irekita izatea" erabakitzen duten horientzat.
Horrekin batera, greba egunek establezimenduetan duten eragina ere jarri nahi izan dute mahai gainean. "Greba baten ondorioz itxiera-egun batek egun horretako diru-sarrerak
galtzea dakar, eta gehienetan grebarekin bat egiten ez duten langileen gastuak ere eragiten ditu", aldarrikatu dute. Horri lotuta, nabarmendu dute hurrengo astea "oso txarra" izango dela sektorearentzat, greba egunari martxoaren 19ko jai-eguna gehituko zaiolako.
Beste gauza bat ere salatu dute elkarteek: greba egunetan "kate handiek martxan" jarraitzen dutela, "ez oso urrun", tokiko merkataritzak itxi egiten duen bitartean.
Era berean, nabarmendu dute Aiaraldean merkataritza ixteko joera dagoela "edozein errebindikaziotan", gehienetan merkatarien euren borondatez, "eta horrela ez bada, piketeen bidez".
Merkatal-gune handiei aipamena
Gainera, beste gauza bat ere salatu dute elkarteek: greba egunetan "kate handiek martxan" jarraitzen dutela, "ez oso urrun", tokiko merkataritzak itxi egiten duen bitartean. Horrekin batera, gaineratu dute dute jende batek joera duela egun horietan beste toki batzuetara joateko erosketak egitera, "non merkataritza irekita dagoen".
Ohartarazi dutenez, horrek guztiak "eragin oso negatiboa du larri zauritutako sektore batean". Horregatik partekatu nahi izan dituzte kezka horiek, "uler dadin zein den egunerokoa eta
zer ondorio dituen sektorearentzat horrelako itxiera batek".
