Hirugarren sektorearen gehiengoak greba orokorrarekin bat egingo duela iragarri dute Apill, Izan Amurrio eta Aemek

Txabi Alvarado Bañares 2026ko martxoaren 13a

Kartel propioak atera dituzte merkatariek. / Aiaraldea.eus

Hiru elkarte horiek osatzen duten federaziotik elkartasuna adierazi nahi izan diete "Aiaraldean zailtasunak dituzten langile eta enpresa guztiei", eta merkataritza eta ostalaritzaren sektoreen aldarriak jarri dituzte mahai gainean. 

Eskualdeko hirugarren sektorearen gehiengoak bat egingo du martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorrarekin. Hala adierazi dute Laudioko Apill, Amurrioko Izan Amurrio eta Artziniegako Aemek. Merkatari eta ostalarien hiru elkarte horiek osatzen dute AEKO federazioa, eta bere izenean plazaratu dute komunikatua

Hiru elkarteetako kideek elkartasuna adierazi nahi izan diete "Aiaraldean zailtasunak dituzten langile eta enpresa guztiei", eta merkataritza-sektoreak "gizarte-eragile aktibo, parte-hartzaile eta solidario gisa duen eginkizuna" aldarrikatu dute. "Beti aritu gara Aiaraldean arazoak dituzten enpresetako langileei laguntzen: Guardian, Tubacex, Glavista, etab. Eta orain elkartasuna adierazi nahi diegu Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio enpresei. Enpresa txikienekin ere bagaude, batzuk garrantzitsuenen mendekoak eta beste batzuk anonimoak edo ezezagunak", nabarmendu dute. 

"Beti aritu gara Aiaraldean arazoak dituzten enpresetako langileei laguntzen: Guardian, Tubacex, Glavista, etab. Eta orain elkartasuna adierazi nahi diegu Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio enpresei"

Era berean, azpimarratu dute "lanpetuta eta kezkatuta" daudela ere euren sektoreak bizi duen egoerarekin: "Aiaraldeko hirugarren sektoreak, merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek hainbat urte daramatzate krisi sakona pairatzen: establezimenduak itxi dituzte, merkataritza-dentsitatea galdu dute, enplegua galdu dute, etab. Arrazoiak askotarikoak dira, batzuek hiriko merkataritzari eragiten diote oro har, eta beste batzuek Aiaraldean eragiten digute bereziki, eskualdeko industria-krisia dela eta".

Horregatik, "tokiko kontsumoari laguntzeko" deia luzatu diete Aiaraldeko langile guztiei: "Uste dugu gai batzuk ez daudela gure esku, beste batzuk bai, eta hemen egin dezakegu denok norabide berean arraun. Garrantzitsua da ordenagailuko saguarekin klik egin aurretik gogoeta egitea. Harea-ale bakoitzak, tokiko erosketa bakoitzak, hirugarren sektorearen egoera hobetu dezake. Denok eskutik joan behar dugu, industria, merkataritza, langileak, bizilagunak, erakundeak... pertsona eta erakunde bakoitzak bere aldetik jarri behar du Aiaraldea bizirik dagoen eskualdea izan dadin, gure bizi-kalitatea hobetu dezagun eta, ahal den neurrian, tokiko merkataritzaren aldeko apustua egin dezagun, hurbileko merkataritza, kalitatekoa eta lehiakorra izan dadin". 

"Garrantzitsua da ordenagailuko saguarekin klik egin aurretik gogoeta egitea. Harea-ale bakoitzak, tokiko erosketa bakoitzak, hirugarren sektorearen egoera hobetu dezake. Denok eskutik joan behar dugu, industria, merkataritza, langileak, bizilagunak, erakundeak..."

Eskakizun zehatzak mahai gainean

Horregatik guztiagatik, hiru merkataritza eta ostalaritza elkarteek uste dute eskualdeko hirugarren sektoreak frogatu egin duela "eskualdeko greba eta aldarrikapen gehienak" babesten dituela, "guztiak ez badira ere". Horregatik, "errespetua" eskatu dute "negozioa irekita izatea" erabakitzen duten horientzat. 

Horrekin batera, greba egunek establezimenduetan duten eragina ere jarri nahi izan dute mahai gainean. "Greba baten ondorioz itxiera-egun batek egun horretako diru-sarrerak
galtzea dakar, eta gehienetan grebarekin bat egiten ez duten langileen gastuak ere eragiten ditu", aldarrikatu dute. Horri lotuta, nabarmendu dute hurrengo astea "oso txarra" izango dela sektorearentzat, greba egunari martxoaren 19ko jai-eguna gehituko zaiolako. 

Beste gauza bat ere salatu dute elkarteek: greba egunetan "kate handiek martxan" jarraitzen dutela, "ez oso urrun", tokiko merkataritzak itxi egiten duen bitartean.

Era berean, nabarmendu dute Aiaraldean merkataritza ixteko joera dagoela "edozein errebindikaziotan", gehienetan merkatarien euren borondatez, "eta horrela ez bada, piketeen bidez".

Merkatal-gune handiei aipamena

Gainera, beste gauza bat ere salatu dute elkarteek: greba egunetan "kate handiek martxan" jarraitzen dutela, "ez oso urrun", tokiko merkataritzak itxi egiten duen bitartean. Horrekin batera, gaineratu dute dute jende batek joera duela egun horietan beste toki batzuetara joateko erosketak egitera, "non merkataritza irekita dagoen".

Ohartarazi dutenez, horrek guztiak "eragin oso negatiboa du larri zauritutako sektore batean". Horregatik partekatu nahi izan dituzte kezka horiek, "uler dadin zein den egunerokoa eta
zer ondorio dituen sektorearentzat horrelako itxiera batek".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide