Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziaketa amaitutzat eman ostean, 301 kaleratzeen aurkako greba mugagabearen lehenengo eguna dute gaurkoa Tubos Reunidoseko langileek. Goizeko lehen ordutik behargin ugari batu dira fabrikako zubiko piketera.
Grebalariak errepidera jaitsi eta trafikoa eten dute Laudio eta Amurrio lotzen dituen A-625 bidean. Errepide mozketak trafiko ilara luzeak sortu ditu, eta une batez bide alternatiboetatik desbideratu dituzte ibilgailuak.
Ia ordubete iraun du Tubos Reunidoseko langileen protestak. Une honetan lantegiko zubian daude berriro, eta trafikoa berrezarri egin dute. Ertzaintzaren Brigada Mugikorra bertaratu da, baina ez da inolako istilurik egon.