2026ko martxoaren 17a. Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen diten ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokorra deitu dute Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.
Helburu argia du greba deialdiak: EAEn eta Nafarroan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bat ezartzea, 1.500 eurokoa alegia.
Itxitako bideak
Ez da hutsetik sortutako deialdia. Euskal Herriko gehiengo sindikalak urtebete baino gehiago darama Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata bat ezartzeko estrategia konpartituan. Bi bide jorratu dituzte orain arte: Lanbidearteko Akordio proposamena eta Herri Ekimen legegile. “Langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta gizarte kohesioa eragiteko burujabetza ariketa”, gisa defi nitu zituzten bi bideak.
Herri Ekimen Legegileak jarri zuen Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezartzerako orduan mugarri garrantzitsuena. Sindikatuek apirilean abiatu zuten ekimena babesteko sinadura bilketa. Lantokiz lantoki, herriz herri eta auzoz auzo 140.000 atxikimendu jaso zituzten hilabete gutxiren buruan. Udan zehar altxatutako babes olatuak, ordea, 2025eko azaroan jo zuen Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren kontra. Gasteizko Legebiltzarrak EAJ, PSE-EE. PP eta Voxen botoen bidez itxi zion atea gutxieneko soldataren gaineko eztabaida parlamentarioari. Nafarroako Parlamentuak, aldiz, txosten juridiko bat hartu zuen argudiotzar sinadura bilketak irekitako abagunea ixteko. Sindikatuek gogor kritikatu zuten alderdi politikoen papera, eta Herri Ekimen Legegileari bizkarra eman izana “erabaki antidemokratikotzat” jo zuten.
“Gutxieneko soldata propio bat ezartzeko ukazioak Hego Euskal herriko milaka eta milaka langile kaltetzen ditu”, sindikatuen hitzetan.
Lanbidearteko akordio proposamenak ere ez zuen urrutiagora jo. Izan ere, Confebaskek eta Nafarroako Enpresen Konfederazioak ere eztabaidari ateak itxi zizkioten.
Testuinguru horretan greba orokorrera jotzeko asmoa iragarri zuen Euskal Herriko gehiengo sindikalak iragan abenduan.
Gutxienekoaren azpitik
Aberastasunaren banaketa “gero eta bidegabeagoan” eta pobrezia zein prekarietatearen gorakada betean jarri du Euskal Herriko gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren gaineko eztabaida erdigunean. Barne Produktu Gordinak zein enpresen irabaziak gora egin duten garaian eros-ahalmenak nabarmen egin dute behera EAEn eta Nafarroan. Infl azioaren etengabeko gorakada nagusi den heinean, Hego Euskal Herriko langileen soldata ez da neurri berdinean hazi.
“Gutxieneko soldata propio bat ezartzeko ukazioak Hego Euskal herriko milaka eta milaka langile kaltetzen ditu”, salatu dute greba orokorreko deitzaileek. Gaur egun soldaten zorua 1.184 eurotan dago kokatuta, sindikatuen proposamenaren %21,07 azpitik alegia.
Iparhegoa fundazioak eskainitako datuen arabera 2024ko abenduan gutxienez 239.535 pertsona zeuden lanean 1.500 euroko soldata gordina baino gutxiago irabaziz. “Lagun horiek guztiek jasotzen
duten soldataren eta Lanbidearteko gutxieneko Soldata propio batekin jasoko luketen 1.500eko gutxieneko soldataren arteko diferentzia euren enplegatzaileak poltsikoratzen ari dira”, azaldu dute.
Baieztapen hori datuetara ekarriz, eta arestian aipatutako 2024ko abenduko soldatak erreferentzia gisa hartuta, enplegatzaile horiek guztiek 461 milioi euroko mozkinak kolkoratu zituzten. “Alegia, enpresari eta administrazioek 461 milioi euroko plusbalia erantsia atera diete langile zaurgarrienei Hego Euskal Herrian”, zehaztu dute Iparhegoa fundaziotik.
Hain zuzen ere, egoera zaurgarrienean dauden langileak dira gutxieneko soldataren azpitik dauden beharginak, lan prekarizatuenetan ari direnak oro har. Gizon eta emakumeen arteko arrakala ere nabarmen bistakoa da gutxieneko soldatari dagokionean. 1.500 euro baino gutxiago jasotzen duten 239.535 langileen %66,7 emakumeak dira, hirutik bi.
Aiaraldea grebara
Gutxieneko soldataren aferak, ordea, ez die soilik arestian aipatutako 239.535 langileri eragiten. Sindikatuek langile klase osoaren erantzunaren beharrean egin dute azpimarra martxoaren 17ko deialdiaren atarian.
Aiaraldean ere oihartzuna izango du Greba Orokorrak. Azken urteetako esperientziatik tiraka, Aiaraldeko Greba Batzordeak herrietako asanbladak antolatu ditu azken asteetan, eta modu horretan osatu dute eguneko egitaraua:
