Aiaraldeko arte garaikidean murgiltzeko aukera bikoitza, bihar Bilbon

Maider Ramirez Martin 2026ko martxoaren 24a

Ikusmenik gabeko murgiltze-esperientzia da 'Hegan egiteko gogoa da'. / Piszifaktoria

Iaiaiai irrintzi taldearen performanceak eta Piszifaktoriaren Hegan egiteko gogoa da murgiltze-esperientziak hartuko dute bihar Loraldiaren egitaraua. Biak ikusteko aukera egongo da, jarraian eta leku berean izango baitira.

Euskal kulturaren adierazpen garaikideek Bilbo hartu dute martxoan zehar, Loraldia kultur jaialdiaren eskutik. Larunbatean esango dio agur hiriburuari hamabigarren edizioak, baina aurretik Aiaraldeko artisten lanaz gozatzeko aukera egongo da bihar, hilaren 25ean. Iaiaiai irrintzi taldeko kideak zein Piszifaktoriako lagunak Azkuna Zentroan eskainiko dituzte emanaldiak, 19:00etatik aurrera. Biak ala biak doakoak izango dira, baina sarrerak eskuratu behar dira.

Irrintziaren begirada berri bat

20 minutuko performancearekin irekiko du Iaiaiai irrintzi taldeak iluntzea. Soinua, gorputza eta espazioa uztartzen dituen pieza bat onduko dute Alondegiko atrioan, "Irrintziaren begirada berri bat" eskaintzeko asmoz.  Zer da irrintzia XXI. mendean? Komunikazio tresna? Eraldaltzen ari den euskal kulturako identitatearen sinboloa? Arbasoekin konektatzen gaituen oihua? Galdera horien eta gehiagoren inguruan sortutako emanaldia izango da.

Hegan egiteko gogoa da

Irrintziekin amaitu eta hamar minutuko atsedenaldiaren ostean, Azkuna Zentroko atondoan murgiltze-esperientzia bat proposatuko du Piszifaktoria ideien laborategiak. Mikel Ayllonek, Igor Arzuagak eta Irati Agirreazkuenagak osatutako kolektiboaren azken lana da Hegan egiteko gogoa da eta "buruko gaitzek eragiten duten ezinegona" kontatu nahi dute ikuskizunaren bidez.

Berezitasun nabaria izango du obrak, begiak estali beharko baititu publikoak: "Begirik gabe, entzumenaren, ukimenaren, dastamenaren eta usaimenaren bidez egindako bidaia bat izango da. [...] Parte hartzaileek haien zentzumenak piztuko dituzten hainbat egoera biziko dituzte, buru-osasunari buruzko istorio honen eszena desberdinetan. Soinu murgiltze-espazio batean, belarriez gain, azalak, mihiak edo sudurrak ere piztuko dizkieten hainbat dispositiborekin topo egingo dute (haizagailuak, berogailuak, lurruneztagailuak, lurringailuak…"

Ordu erdiko bi pase egingo ditu Piszifaktoriak, 19:30ean eta 20:30ean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide