Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan egin dute Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiaren laugarren bilera, gaur goizean. Berez, Refor enpresaldean egingo zen bilkura, baina atzo tokiz aldatzea erabaki zuten, “azken unean”. Hala salatu dute gaur Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko langileek mahaiaren aurrean deitutako protestan. Grebalariek salatu dute azken orduko moldaketa hori euren protestei “iskin” egiteko modu bat izan dela, eta nabarmendu dute ·”eskualdearen etorkizunaren aldeko aldarria” eramaten jarraituko dutela “behar den toki guztietara eta behar den guztietan”.
Presentzia polizial handia egon da bileraren hasieran. Ertzaintzaren brigada mugikorrak eraikina inguratu du eta zintaz itxi du ingurunea. Langileak inguruan jarri dira, eta txistu eta oihu artean egin diete harrera bilkurara bertaratu diren pertsonei. Bi enpresetako komiteetako hainbat kideri utzi diete Kasinoan sartzen mahaiko kideekin hitz egiteko, eta 10 minutu inguru eman dituzte bertan.
Grebalariek salatu dute bileraren azken orduko toki aldaketa euren protestei “iskin” egiteko modu bat izan dela.
Grebalariek gogor kritikatu dituzte Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak atzo eginiko adierazpenak. “Esan zuen elkarrizketa dela Aiaraldeak bizi duen egoera bideratzeko bide bakarra, eta berriro errepikatu zuen lan-gatazkek inbertsioak uxatzen dituztela”, salatu dute bi enpresetako beharginek mobilizazioaren ostean plazaratutako irakurketan, “Ramiro jauna, nork sortzen du gaztaka? Nor dago elkarrizketaren aurka? Ez gara gu 301 enplegu suntsitzearekin mehatxatzen dugunak, hori Tubos Reunidoseko zuzendaritza da. Ez gara gu negoziazio mahaietatik nahi dugunean altxatzen garenak eta uko egiten diogunak EAEko auzitegi nagusiak ilegaltzat jo dituen 35 kaleratzeei buruz hitz egiteari, hori Garnica da”.
Horren aurrean, “benetako presioa dagokion norabidean” egiten hastea exijitu diete erakunde publikoei. Bien bitartean, borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute, hurrengo asteak “biziak” izango direla iragarrita. Gauzak hala, deituko diren mobilizazioetara batzeko deia luzatu diote bizilagun orori.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte eta Txabi Alvarado Bañares