KRONIKA

Mendebaldetik ekialdera, euskararen herria harilkatuz

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko martxoaren 28a

Euskalgintzak Pirinioen bestaldean urratzen ari duen bidea gertutik ezagutzeko asmoz, egonaldia egin dugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kideok Ipar Euskal Herrian, Plazara elkarteko lagunen eskutik. Motxila bete irakaspen ekarri dugu bueltan.

Plazara elkarteko kideen gonbitari helduta, egonaldi labur bezain inspiragarria egin dugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kideok Pirinioen bestaldean. Euskararen herria josi, zubiak eraiki eta bazterretatik gure hizkuntzari hauspoa emateko aitzakia perfektua.

Aurtengo urtarrilean izan genituen Plazarako kideak Faktorian, eta aiaraldearroi zegokigun orain itzulera bidaia. Korrikaren abiatzeak sortzen duen magnetismoak agendak lerratzea erraztu du.

Baionan egin dugu hitzordua. Eneko, Xan, Joana, Kimetz eta Maritxu izan ditugu anfitrioi. Mokadu artean hurrena bilkura mahairen bueltan gerora. Elkarri asko diogu galdetzeko eta nabaria da hori elkarrizketaren abiadan.

“Euskara erdigunera ekarri nahi dugu, ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izateko gisan”

Euskara(z) Plazara

2023an egin zuten publiko Plazara elkartea: “Euskara erdigunera ekarri, ikusgarriagoa, entzunagoa eta erabiliagoa izateko gisan”. Egungo beharrei egungo egiturekin erantzuteko premiatik tiraka sorturiko engaiamendua. 

Letra larriz idatzitako lau asmo dira Plazararen iparrorratza: Hizkuntza komunitatea trinkotzea, erdaldunak euskararen mundura sarraraztea, euskalgintzako eragileen arteko sinergiak sendotzea eta gazteen kontzientziak eta gogoak piztea. Eta ari dira, Ipar Euskal Herriko kostaldetik barnealdera, euskararen unibertsoa josten.

Hainbat jarduera jarri dituzte abian horretarako, eta badoaz bide eta egitasmo berriak urratzen. Hala nola, soziolinguistika formakuntzak eskaintzen dizkiete Euskal Herriko eragile desberdinei; berriki Iruñeko Karrikiri elkartean izan dira jardun horretan. Festa giroan euskara sustatzeko saioak ere antolatu dituzte, baita guraso taldeen edota merkatarien artean ere. 

Baionako On Bilgunean egin dugu lan-saioa. Kokapena ez da ausazkoa izan. Plazara elkarteak bultzatutako ekimenaren emaitza da Baiona erdiguneko topagune hau. Plazara elkartearekin batera, UEUk, Taupa mugimenduak, Elkar argitaletxeak edota Euskal Hedabideek aurkitu dute bertan aterpea. Coworking espazio gisa funtzionatzen du, baina baditu ere bestelako eragileentzako bilkura gela eta txil-gunea deritzon atseden espazioa ere. Erreferentzia bat inguruko mugimendu euskaltzalearentzat.

On Bilgunea atzean utzi eta Baionatik Larzabalera (Behe Nafarroa) jo dugu. Joanaren proposamena onartu, eta bidean Hazparnen egin dugu geldialdi azkarra, Xuriatea ostatuan. Herriko gazte talde batek proiektu kooperatiboa abiatu du bertan, eta ostatuaren gaineko eraikinean etxebizitza komunitarioak atontzekoak dira. Bertan da ere EHZ festibalaren “kuartel nagusia”, eta guk munduko musika jaialdirik onenaren sukaldea ikusteko ohorea izan dugu.

Oztibarreko euskaldunak

Jeremi eta Maialen ditugu Larzabalen zain, Espelletenia Hotelean. Badira lau urte hotela erosi eta proiektu komunitarioa abiatu zutela bertan, Oztibar bailarako euskaldunen itsasargi. Ostatua eskaintzeaz gain, tokiko elkarteentzako bilkura tokia eta emanaldi kulturalen agertokia ere bada Espelletenia. Argi esan daiteke lortu dutela bailaran sugar bat piztea. Erreferentziazko biltoki ari da bilakatzen ostatua inguruko komunitatearentzat.

Komunitate horren parte dira Oztibarreko Ikastolako gurasoak, eta haiekin batzartzeko parada ere eman du Larzabaleko egonaldiak. Bertako familiekin udaleku proiektua garatzeko ametsa genekarren Aiaraldetik; ametsa errealitate bilakatzetik gertuago dago orain. Uztailean aisialdia elkarbanatuko dute Euskal Herriko bi muturretako haurrek.

Zerbait ari da kozinatzen Aiaraldeko eta Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren artean, eta bi eguneko egonaldiak su-bizian jarri ditu eltzeak.

Zubi gehiago

Zerbait ari da kozinatzen Aiaraldeko eta Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren artean, eta bi eguneko egonaldiak su-bizian jarri ditu eltzeak. Elkar ezagutzak biderkatu eta bertako esperientzien ereduaz bustitzeko aukera eskaini du hartu-emanak.

Besteak beste, Eraiki Funtsa gertutik ezagutzeko auker izan dugu, Manu Robles-Arangiz Fundazioko kideen eskutik. Patxoki Berria eraikitzeko lanetan dira, Baiona Ttipiko erdigunean, eta horren finantziaziorako tresnen inguruan luze jardun gara.

Bideak Urruñara ere eraman gaitu, Maita Kultur Elkartearen jarduna ezagutzeko. Zuberoako, Lapurdiko eta Behe Nafarroako sortzaileak sustatzeko eta babesteko ekimena. Izan ere, Kultur Faktoriak bultzatutako Arte Hartze zikloaren aurtengo edizioak ekarpena egin nahi dio euskararen periferien arteko elkarlanari, eta, horrenbestez, Ipar Euskal Herriko sortzaileek hartuko dute erdigunea udazkeneko zikloan.

Ekialdetik mendebaldera

Motxila bete irakaspen egin dugu etxerako bidea. Haizea gure alde dugula egin dugu bidaia. Plazarako lagunekin eskutik helduta, Atharratzetik (Zuberoa) abiatutako lekukoa eutsiz tarte labur batez, Mehaineko (Behe Nafarroa) errepideetan barrena. Egun hauetan ureztatutakoen fruituak jasotzeko gogoz. Nazio ikuspegian sakondu eta euskararen herria harilkatzen jarraitzeko gogoz. Beti ere ekialdean egiten ari direnari so; eguzkia baino zerbait gehiago ari da altxatzen sortaldetik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide