Pasa den astean izan ziren Ertzaintzaren hauteskunde sindikalak EAEn eta Laudioko Ertzain-etxeak ezustea utzi du, indar bozkatuena EKOS sindikatu korporatiboa izan baita. Berez, taldeak ziurtatzen du ertzainek baino ez dutela tokirik erakundean eta poliziek izandako aldarrikapen eta mobilizazio zikloan Euspel eta Ertzainas en lucha plataformaren jarrerekin lerratu zen, Segurtasun Sailaren aurka garatutako borroka zikloan.
Aiaraldea Komunikabidea iturri sindikalekin jarri da harremanetan eta hauek aipatu dute Laudioko Ertzain-etxean izan dela soilik EKOS indar bozkatuena. Izan ere, lehenengo aldiz aurkeztu dira hauteskundeetara eta 160 boza jaso dituzte hiru lurraldeetan. Ondorioz, ez dute ordezkaririk izango. Boto horietako 29 jaso dituzte Laudion; hau da, EAEko kopuru totalaren %18,1a.
Laudioko Ertzain-etxeko emaitzak
| SINDIKATUAK | BOTO KOPURUA |
| EKOS | 29 |
| ESAN | 24 |
| ERNE | 14 |
| EUSPEL | 14 |
| SiPE | 5 |
| ELA | 1 |
| Ertzain Kopurua Laudion | 107 |
| Parte hartzea bozketan | 88 boza, % 82 |
SiPEren zatiketa
Halaber, iturri sindikalek azaldu dute EKOSen jatorria SiPE sindikatuaren zatiketa batean dagoela. Dirudienez, SiPEk izandako azken kongresuan gertatutako desadostasunen ondorioz, Juan Carlos Perez Cuestak, abokatua eta ertzaina dena, erakunde berria sortu zuen. Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, agente horrek lan egin izan du Laudion eta horrek azalduko luke proiektua hemen errotu izana.
Bere hasierako mezuetan EKOSek adierazi zuen ertzain gazteek (azken promozioetakoek gehienbat) osatzen dutela sindikatua, beste beteranoen babesarekin eta Arkauteko Akademiako ikasleekin batera.
EKOSen sortzaileak Laudioko komisaldegian lan egin zuen, eta horrek azalduko luke sindikatua hemen errotu izana.
Aipatu beharra dago ere Juan Carlos Perez Cuesta SiPEko ordezkari legala izan zela 2020an Julen Arzuaga legebiltzarkide aretarrak sindikatu hori, Jusapol (Polizia Nazionaleko sindikatua) eta Jucil (Guardia Zibileko sindikatua) salatu zituenean.
Izan ere, EH Bilduko kideak "mehatxuak" leporatu zizkien hiru antolakundeei, Legebiltzarrak Espainiako estatuaren indarkeriaren biktimak aitortzeko eta erreparatzeko legea onartu zuen egunean, 2019ko apirilaren 4an. Legebiltzarkideak salatu zuen bere diskurtsoa eteten saiatu zirela eta "pistola" baten keinua egin ziotela. PPk gonbidatuta parte hartu zuten saio horretan hiru sindikatuek.

Azkenean, hiru antolakundeak absolbitu zituen epaileak, poliziek deklaratu baitzuten keinua ez zela arma batena, baizik eta "J" bat.
Emaitza orokorrak
Gauzak hala, hauteskunde sindikaletako emaitza orokorrek ez dute islarik izan Laudion. Izan ere, EUSPELek lortu du bozka gehien EAEn. Guztira 1.732 boto izan ditu eta, nolabait, Segurtasun Sailarekin sinatutako akordioak sortutako desadostasunaren kapitalizazioa monopolizatu du, aurreko hauteskundeetan baino 900 bozkatzaile berri gehiago erakarri baititu. Aipatu beharra dago EUSPELen gotorlekua Brigada Mugikorra dela. Guztira, 20 ordezkari eskuratu ditu.
Ordezkari kopuru bera izango du ESANek. 1.665 boza izan ditu, aurreko hauteskundeetan baino ia 400 gutxiago. Edonola ere, argitu behar da ehunekoen aldetik jaitsiera ez dela hain nabarmena, %32,03tik %30,19ra igaro baita.
ERNEren beherakada, ordea, handiagoa izan da eta indar nagusia izatetik hirugarrena izatera pasa da, 1.280 bozekin. Hau da, 900 boto baino gehiago galdu ditu eta 22 ordezkaritik 15era murriztu da bere presentzia.
SiPEk ere babes galera izan du eta 354 botorekin lau ordezkari izango ditu, hiru gutxiago. Aldiz, ELAk, korporatiboa ez den sindikatu bakarrak, behera ere egin du eta ordezkari bakarra izango du, 214 boto lortuta EAE osoan.