Itzulia lasterketak eskualde osoa zeharkatuko du apirilaren 8an

Aitor Aspuru Saez 2026ko apirilaren 1a

Hainbat aldiz igaro da Aiaraldetik lasterketa azken urteetan. / Endika Diaz

Basaurin hasi eta amaituko da eta Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo, Areta, Laudio, Okondo, Artziniega, Amurrio, Urduña eta Orozkon ere sartuko da.

Astebete barru, apirilaren 8an, Itzulia Basque Country nazioarteko txirrindularitza-lasterketa profesionalaren aurtengo edizioaren hirugarren etapa izango da. Basaurin abiatu eta bukatuko da eta bere ibilbideak Aiaraldeko hainbat herri zeharkatuko ditu.

Amurrioko Udalak gaur bertan jakinarazi du tropela igarotzeak eta horri lotutako segurtasun-dispositiboak hainbat gorabehera eragingo dituztela ibilgailuen zirkulazioan, 14:15etik 15:15era bitartean batez ere. 

Etenak eta zirkulazio-etenak izango dira. Lasterketak 14:15ean zeharkatuko du Amurrioko hirigunea. Probaren ibilbidea Federico Barrenengoa eta Felix Murga kaleen arteko bidegurutzean dagoen biribilgunetik sartuko da udalerrira, eta Felix Murgatik, Epaitegiko biribilgunetik, Araba kaletik, elizako biribilgunetik eta Bañuetaibar kaletik jarraituko du. Ondoren, A-625 errepidetik irtengo da Saratxorantz.

Udalak eskatu die herritarrei informazio hori aintzat hartzeko bidaiak antolatzeko orduan.

Eskualde osoan

Modu batean edo bestean, Aiaraldea osoa zeharkatuko du etapak. 13:40ean jarriko dira martxan txirrindulariak eta eskualdean honako ibilbidea izango dute:

  • Arrankudiaga-Zollo
  • Arakaldo
  • Areta
  • Laudio
  • Okondo

Handik Sodupera joko du lasterketak eta gero Artziniegatik itzuliko da:

  • Santa Koloma
  • Artziniega
  • Aiara (Llanteno, Menagarai, Ibaguen, Arespalditza, Murga)
  • Amurrio
  • Urduña

Altubera joan eta gero, kirolariak berriro sartuko dira Aiaraldean:

  • Baranbio
  • Orozko

Aipatu beharra dago azken urteetan behin baino gehiagotan igaro dela lasterketa eskualdetik eta Laudion, Amurrion eta Urduñan izan dituela irteerak, herritar mordoa bilduta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide