APAFAI Aiaraldeko pertsona autisten eta euren familien elkarteak bigarren eskuko azoka solidarioa antolatuko du Amurrion datorren apirilaren 18 eta 19an. Helburu bikoitza izango du ekimenak: alde batetik kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra sustatu nahi dituzte; bestetik, elkartearen proiektuak finantzatzeko dirua biltzeko baliatuko dute hitzordua.
Hain zuzen ere, APAFAI elkarteak gaur egun duen egoitza birgaitzeko bideratuko dute bildutako diruaren zatirik handiena. Izan ere, espazioa egokitu beharra dute zenbait jarduera garatu ahal izateko.
Material bilketa
Uneotan, bigarren eskuko azokan saltzeko materialen bilketan murgilduta daude buru-belarri APAFAI elkarteko kideak. Martxoaren 24an abiatu zuten bilketa fasea, eta azoka egunen bezperara arte egongo da bertan ekarpena egiteko aukera. Orotariko objektuak ari dira biltzen: arropa, osagarriak, liburuak, jostailuak, gailu elektriko txikiak, kirol tresnak... "Herritarrek erabiltzen ez dituzten objektuak dohaintzan jaso eta baliabide erreal bihurtzea" da helburua, APAFAIko kideen hitzetan.
Uneotan, bigarren eskuko azokan saltzeko materialen bilketan murgilduta daude buru-belarri APAFAI elkarteko kideak.
Amurrion eta Laudion jarri dituzte materiala biltzeko guneak. Amurrion Kultura Etxean egongo dira APAFAIko kideak; ostegunetan 16:30etatik 18:00etara eta ostiraletan 10:00etatik 12:00etara. Ordutegi berdina izango du ere Laudioko Udaleko erabilera anitzeko gelan antolatuko duten bilketa-guneak. Halaber, Amurrioko If Hair Beauty & Nails ileapaindegian ere utzi ahalko da azokarako materiala, establezimenduaren ohiko ordutegian.
Azken bide bat ere jarri dute martxan material bilketa ahalik eta handiena egiteko asmoz. Bi telefono zenbaki jarri dituzte eskura: 614 649 376 eta 614 083 965.
Bigarren eskuko azoka
Material guztia bilduta, bi egunez luzatuko da bigarren eskuko merkatu solidarioa. Apirilaren 18 eta 19an 11:30etatik 14:30etara egingo dute azoka, Amurrioko San Anton Plazan. Bigarren eskuko objektuak saltzeaz gain, bestelako jarduerak ere antolatuko dituzte bertan, merkatua girotzeko asmoz. APAFAIko kideek azoka bera "elkargune komunitarioa" izatea nahi dute.
Interesa duen orok boluntario gisa egin dezake ekarpena azokan. Horretarako nahikoa izango da 614 649 376 telefono zenbakiaren bidez elkarteko kideekin harremanetan jartzea.