Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak 22 aldiz atera zuen "errotuladore gorria" iaz hizkuntza eskubideen urraketen aurrean

Maider Ramirez Martin 2026ko apirilaren 12a

Euskalgintza Kontseiluko kide bat iazko Aiaraldeko Euskararen Egunean. / Aiaraldea.eus

2025ean eskualdean egondako hizkuntza eskubideen urraketak aletzen dituen txostena plazaratu du euskararen normalizazioaren alde lan egiten duen entitateak. Kartelen hizkuntzarekin lotutako salaketak dira gehienak. Amurrioko udal igerilekuetan eta Urduñako inauterietako mozorro lehiaketan gertatutako bi egoera ere jaso dituzte. 

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak (AIEKE) Hizkuntza eskubideen urraketa eta tratu txarrak Aiaraldean 2025 txostena plazaratu du. Dokumentu horretan bildu ditu iazko urtean zehar herritarrengandik jasotako kexak zein elkarteak berak identifikatutakoak, kronologikoki antolatuta. 2023an abiatu zuen euskararen normalizazioaren aldeko entitateak Errotuladore Gorria ekimena. Herritarrek bizi edo identifikatzen dituzten hizkuntza eskubideen urraketak edo tratu txarrak jakinarazi ditzakete tresna horren bidez.

Testu akastun eta kartel “baztertzaileak”

Kontseiluak jakitera eman duenez, jasotako salaketa gehienak paisaia linguistikoa osatzen duten euskarrietan (afixak, eskuorri edo seinaleak, esaterako) euskarak duen presentziari lotutakoak dira, izan akatsak daudelako, presentzia txikia delako edo zuzenean erdara hutsez daudelako. 

Jasotako salaketa gehienak kartel, eskuorri edo seinaletan euskarak duen presentziari lotutakoak dira.

Identifikatutakoen artean dago, besteak beste, Hauxe da  Amurrioko udal aldizkaria, zeinean euskara %35ean baino ez den agertzen gaztelaniaren aurrean eta “maiz akats nabarmenak” dakartzan. Urduñan jarritako seinale batean euskarazko testua okerra dela ere ohartarazi dute, “Urduñak ez du eraso sexistarik onartzen” behar zuen lekuan “Urduak” jartzen baitu. Horrez gain, Urduñako zein Okondoko udaletako komunikazio banatan egondako akatsak ere eman dituzte aditzera. 

Era berean, euskararen presentzia txikia edo hutsala dituzten kartelak. Horrelako hiru ikusi dituzte Amurrion eta beste hiru Urduñan eta bana Laudion, Orozkon eta Aiaran. Urduñan topatutako horietako bat hirian egindako city cross ekintzarena da, eta Kontseiluak nabarmendu du berria zabaltzean antolatzaileak elkartearekin jarri zirela harremanetan eta euskarazko kartela zabaldu zutela. 

Antzeko kasua da Laudioko Altzarrate futbol taldearena, zeina gaztelaniazko kartelaren ondoan euskara hutsezkoa ere plazaratu eta zabaldu zuen. Zentzu horretan, Kontseiluak azaldu du kartelak egiterakoan badaudela “praktika txar” batzuk, hala nola euskararen aurretik erdara nabarmentzea eta kartel beraren bi bertsio egitea. Azken kasu horretan “askotan erdara hutsekoak lortzen baitu zabalkundea eta euskarazkoa ez da hartzaile askorengana heltzen”.

Amurrioko igerilekuak eta Urduñako inauteriak

Amurrioko igerilekuetan herritar talde batek sorosle batengana euskaraz jo zuenean horrek gaztelaniaz erantzun zien eta erreklamazio orriak eskatzerakoan halakorik ez zutela esan zieten. 

2025ean izandako bi gertakariren berri ere eman du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Alde batetik gogorarazi du herritar talde batek kexa tramitatu zuela Amurrioko Udalean udan izandako bi gertakariengatik. Hain zuzen ere, sorosle batengana euskaraz jo zutenean horrek gaztelaniaz erantzun zien eta erreklamazio orriak eskatzerakoan halakorik ez zutela esan zieten. Azaldu dute, gainera, kexa adierazteko orduan herritarrak euskaraz esandakoa gaztelaniaz jaso zuela harrerako langileak. Hurrengo egunean bozgorailuetatik arratsaldez emandako mezuak gaztelania hutsez izan zirela gehitu dute eta Amurrioko Udalari hizkuntza eskubideak bermatzea eskatu diote.

Urduñako inauterietako testuinguruan beste kexa bat jaso zutela bildu du Kontseiluak. Kasu horretan, Udalak antolatutako ekitaldian aurkezleak “euskara modu anekdotikoan” erabili zuela azaldu dute, nahiz eta “euskalduna eta kazetari profesionala” izan. Egoerak euskara lehenestea eskatzen zuela adierazi du elkarteak, “gaztetxoak eta familia gazteak” osatzen baitzuten publiko gehiena. Erabaki hori kritikatu du AIEKEk: “Elebitan jardun eta gaztelania aurretik jartzen badugu zentzu guztia galtzen du, euskalduna elebiduna baita beti, erdalduna ez bezala. Egoera diglosikoan euskara da bultzatu beharrekoa, azpiratze eta bazterketa egoera batetik atera behar dena”.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide