EH Bilduko Arabako hainbat alkatek salatu dute Lurralde Historiko horretan zentratzen ari direla energia berriztagarri handi eta ertain gehienak (%88, alegia).
Koalizioak adierazi duenez, azken datuen arabera, gaur egun 101 proiektu izapidetzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegoan inolako lurralde-antolamendurik gabe. Horietatik 88 Araban daude, 11 Bizkaian eta beste 6 Gipuzkoan.
Halaber, aipatu dute, Eusko Jaurlaritzak iragarri berri duela partaidetza publikoa sustatuko duela eskala handiko 11 proiektu fotovoltaiko eta eolikotan, 450MW berriztagarriak sortzeko. 80 milioi euroko inbertsio publikoarekin, 2030era arte.
Partaidetza publikoa duten 11 proiektu horietatik 9 Araban kokatuko lirateke, eta proiektu guztiak izapidetzen hasi ondoren, eskala ertain eta handiko 92 proiektu izango ditu lurraldeak.
Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiari eztabaida soziala eskatu diote
Klima larrialdia eta trantsizio energetikoaren premiazko beharra ukatu gabe, alkateek aldarrikatu dute energia berriztagarrien garapen orekatua beharrezkoa dela.
"Gure udalerrietatik Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diogu bere erantzukizuna bere gain har dezala proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak hedatzeko agindua ematerakoan. Eta klimaren aldeko itun soziala gauzatu dadin, benetako eztabaida soziala aktibatzea eskatzen dugu, baliabide tekniko, ekonomiko eta pertsonal nahikoak izango dituena ", adierazi dute Ainize Gastakak eta Iratxe del Barcok, Laudioko eta Iruraiz Gaunako alkateek hurrenez hurren, EH Bilduko beste alkateekin batera.
Bide batez, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote Eusko Jaurlaritzarekin batera eskualdeko eztabaida-prozesu horiek bultzatzeko, energia-trantsizioa ahalik eta modu partekatu, ordenatu, justu eta arduratsuenean bermatzeko: "Prozesu honetan guztian, udalerriok eskuak eta oinak lotuta ditugu, eta kezkatuta ikusten dugu gure herritarren artean kontrolik gabeko proiektuen ugaritze horrek sortzen duen ezinegona. Neurriak hartzeko eta prozesu justu, ordenatu eta orekatu bati ekiteko garaia da".