Kubara eramateko oinarrizko produktuak bilduko dituzte Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Aiaraldean, Laudioko Institutuan, Latiorro Ikastetxean (Laudio) eta Zaraobe Institutuan (Amurrio) hasiko dira jasoketak bi aste hauetan zehar, apirilaren 15etik 24ra bitartean. Apirilaren 25ean, berriz, Laudioko Lamuza Plazan eta Amurrioko Eroski eta Dia supermerkatuen aurrean egingo dituzte bilketak 11:00etatik 14:00ak arte.
Hiru eragileek nabarmendu dute "oso larria" dela Kubaren egoera: "Itzalaldiak eta erregaiaren eskasia ohiko errealitate bilakatu dira eta eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari dira, horien artean, garraioa, elikagaiak zein ura eskuratzeko aukera, osasungintza eta hezkuntza". Seinalatu dute egoera hori iraultzaz geroztik Amerikako Estatu Batuek Kubaren aurka izan duten politika isolazionista eta kriminalen ondorioa dela, eta azken urteetan biziagotu egin duela blokeoa Donald Trumpek, baita interbentzio militar baterako mehatxua handitu ere.
Laudioko Institutuan, Latiorro Ikastetxean (Laudio) eta Zaraobe Institutuan (Amurrio) hasiko dira jasoketak bi aste hauetan zehar, apirilaren 15etik 24ra bitartean. Apirilaren 25ean, berriz, Laudioko Lamuza Plazan eta Amurrioko Eroski eta Dia supermerkatuen aurrean egingo dituzte bilketak 11:00etatik 14:00ak arte.
Oinarrizko produktuak
Egoera larriari aurre egiteko produktu zehatz batzuk bilduko dituzte apirilean zehar, hain zuzen, material sanitarioa, higiene-materiala, garbitzeko materiala, elikadura-osagarriak zein elikagai ez-galkorrak, kirol-materiala eta ikas-materiala. Elikagai ez-galkorrei dagokienez, latetan jasotako jakiak eta bestelakoak behar dituztela aurreratu dute: pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak; beti ere, 2027ko urtarriletik aurrera iraungiko direnak. Osagarriei dagokienez, bitaminak, mineralak (magnesioa, burdina, kaltzioa), gantz-azidoak (Omega3) eta probiotikoak beharko lirateke.
Material sanitarioaren inguruko xehetasunak ere eman dituzte: 2027ko ekainetik aurrera iraungiko liratekeen medikamentuak bilduko dituzte, baita mota guztietako produktu sanitario zein tresna medikoak ere; tresneria eta baliabide kirurgikoak (pintzak, guraizeak, bisturiak, papera, hariak), eskularruak eta preserbatiboak, adibidez. Horrekin batera, higienerako konpresak, tanpoiak, toallatxoak eta pixoihalak (haurrentzat zein helduentzat) eskatu dituzte, baita garbiketa orokorrerako materiala ere: erratzak, fregonak, oihalak, trapuak, espartzuak, biberoien garbitzaileak eta abar.
Bestalde, kirola egiteko materiala ere bideratuko dute Kubara, hain justu baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta bestelako ekipamendua (kamisetak, galtza motzak, futbol-botak…). Eskolarako materiala jasoko dute horrez gain: arkatzak, boligrafoak, margoak eta errotuladoreak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak… Ez dute bilduko, ordea, testu-libururik edo entziklopediarik.