Abiatzear da Basa zikloa, "indarberritze kolektibo bat"

Erredakzioa 2026ko apirilaren 23a

Amaia Mirandak kontzertua eskainiko du Basa zikloaren lehen topaketaren barruan. / Amaia Miranda

Natura, euskara eta gorputzak uztartuko ditu Kultur Faktoriak antolatutako zikloak. Larunbat honetan izango da lehenbiziko topaketa.

Ziklo artistiko berri bat aurkeztu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak: Basa. Diziplina ezberdinetako adierazpenak ekarriko ditu, "natura, euskara, eta gorputzak" ardatz. Larunbat honetan abiatu eta ekainera arte luzatuko da zikloa. 

"Geldialdi bat. Indarberritze kolektibo bat". Basa zikloa, hain zuzen, hori izango dela aldarrikatu dute Kultur Faktoriako kideek:"Elkartzeko, pentsatzeko, gozatzeko, izkutuan dagoen informazioa elkarrekin gorpuztera ausratzeko unea,(...) plazerari bide emateko unea". 

Horretarako Aiaraldeko zein Euskal Herriko beste txoko batzuetako artista ugari gonbidatu dituzte topaketa eta egonaldietara. Garaion Sorginguneko Amaia Gabilondo, Azalako Idoia Zabaleta, Miren Gaztañaga, Eneritz Artetxe, Mikel Ayllon, Inge Mendioroz, Idoia Garces, Amaia Miranda, Berba Labanakaz, Jasone Mitxeltorena edo Formol Laborategia dira, besteak beste, parte hartuko duten artista eta kolektiboetako batzuk.

Zenbat buru, hainbat diziplina: Arte plastikoak, soinu esperientzia, zinea, dantza, musika eta errezitaldi performatiboak, ikus-entzunezkoak, arkitektura eta artisautza bizitzeko eta esperimentatzeko aukera emango du Basak.

Larunbat honetan, lehen topaketa

Hilaren 25ean izango da zikloaren lehenbiziko zita eta egun osoko egitaraua prestatu dute estreinaldirako. 

Goizeko 11:00etan Faktorian jarri dute hitzordua, eta handik abiatuta, gertuko naturgune batera egingo dute ibilaldia. Ekintza artistiko kolektibo batek emango dio egitarauari hasiera, Garaion Sorginguneko lantaldearen eta Idoia Zabaletaren eskutik. Jasone Mitxeltorena ere gonbidatu dute, auzolan kulturari buruzko gako batzuk proposa ditzan. 

Ordu biak aldera, bigarren txanpari indarrez ekiteko asmoz, Marta Marimon eta Andrea Velascok prestatutako mokadua dastatzeko aukera egongo da. 

Arratsalde partean, eta behin Faktoriara itzulita, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala proiektatuko dute. Inge Mendiorozek eta Idoia Garcesek gidatuko dute gero filmari buruzko solasaldia. 

Kontzertuekin itxiko dute eguna, Amaia Miranda abeslari eta gitar-jotzaileak eta Berba labanakaz taldeak hartuko baitute oholtza.

Ekintza mordoa datozen asteetan

Basa zikloa, ez da, inondik inora, larunbatean amaituko. Hurrengo topaketetarako datak iragarri dituzte dagoeneko: maiatzaren 24an eta ekainaren 6an izango dira. 

Horrez gain, sorkuntza eta ikerketa egonaldiak ere egingo dituzte Faktorian bertan. Ainhoa Apeztegia izango da lehendabiziko artista egoiliarra, eta apirilaren 27tik maiatzaren 3ra bitartean, "irudien bidez bizipen eta esperientziek sortzen dituzten kontakizunen arteko harremanaren inguruan" ikertzen arituko da.  

Apirilaren 30ean, bestalde, Euskara eta biok liburuaren aurkezpena egingo dute zikloaren barruan. Andrea Bella uruguaitarra "euskararekiko egiten ari den bidaia" du hizpide argitalpenak eta horretaz mintzatuko da autorea bertaratzen direnekin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide