Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bildu dituzte EHKSk eta IASek, Euskadi-Cuba elkartearekin batera azken asteotan. Euskal Herriko ia ehun udalerritan egin dituzte bilketak; Aiaraldean, Laudioko Institutuan, Latiorro Ikastetxean eta Zaraobe Institutuan jaso dute materiala, 15etik 24ra bitartean. Larunbatean, ordea, Lamuza plazan eta Amurrioko Eroski eta Dia supermerkatuen parean jarri zituzten bilketetarako guneak.
"Espero baino produktu gehiago" bildu dituztela azaldu diote Mugimendu Sozialistako kideek Aiaraldea Komunikabideari. Hain zuzen ere, 60 bat kutxa bete dituzte jasotako materialarekin. Gehiena elikagaiak eta produktu higienikoak izan dira, hala nola konpresak, tanpoiak, toallatxoak eta pixoihalak. Kirol materiala eta material sanitarioa ere bildu dute nabarmenki.
Egitasmoaren helburua Kubako herria bizitzen ari den "muturreko egoera arintzen laguntzea" izan da. Izan ere, salatu dutenez, "itzalaldiak eta erregaiaren eskasia ohiko errealitate bilakatu dira eta eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari dira, horien artean, garraioa, elikagaiak zein ura eskuratzeko aukera, osasungintza eta hezkuntza".
Hiru eragileek seinalatu dute egoera hori iraultzaz geroztik Amerikako Estatu Batuek Kubaren aurka izan duten "politika isolazionista eta kriminalen ondorioa" dela, eta azken urteetan biziagotu egin duela blokeoa Donald Trumpek, baita interbentzio militar baterako mehatxua handitu ere.
Argazkiak: Aiaraldeko EHKS eta IAS