Arazoekin esnatu da gaur goizean Renfeko tren zerbitzua. Goizeko zazpiak baino lehen eten egin da Ugao eta Bidebieta arteko tartea, "azpiegituran izandako arazo baten ondorioz".
Egoera 10:00ak arte luzatu da eta orain trenak funtzionamenduan daude berriro. Dena den, zerbitzua ez da guztiz normala eta bost eta hamabost minutuko atzerapenak daude. Izan ere, merkantziak garraiatzen dituzten unitateek lehentasuna daukate eta Basaurin (non obrak dauden eta burdinbide bakarra dagoen erabilgarri) Aldiriko trenak geldirik geratzen ari dira.
Autobusez
Goizeko lehen orduan, aldiz, autobus bidez bideratu dute Ugao eta Basauri arteko bidaia. Hala ere, motel joan da eta jende enbutua sortu da, erabiltzaileek Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi diotenez.
Edonola ere, bidaiariek eurek adierazi dute autobusa Bidebietaraino baino ez dela heldu eta bestelako garraio publikoak baliatu behar izan dituztela Abandora heltzeko.
