Zaramagako Pilota Txapelketako garailea da Hegoa Roiz aiararra. Irati Betegi gipuzkoarrarekin batera osatutako bikoteak nagusitasuna erakutsi du txapelketak iraun bitartean, eta aise lortu zuten maiatzaren 17ko finalean nagusitzea ere; 22-11 hartu zuten mendean Ozaeta-Balerdi bikotea.
Adina ez da oztopo izan Roiz gaztearentzat. Haur mailako pilotaria den arren, promesa mailan aritu da lehian, kadete eta gazte kategorietako nesken artean. Aiararrak azken urtean pilotalekuan erakutsitako maila altua medio, jaso du Zaramagako Txapelketan aritzeko gonbita.
Betegirekin osatutako bikoteak, gainera, "eraginkortasuna eta potentzia" erakutsi duela nabarmendu dute Roizen gertukoek. Aiarar gazteak, txapela ez ezik, motxila bete irakaspen darama etxera ere, datozen denboraldietarako oso baliagarria izango duena.
Hegoa Roiz ez zen Zaramagako Txapelketan dir-dir egin zuen Aiaraldeko kirolari bakarra izan. Amurrio Pelotazale Klubeko Julen Diaz eta Aritz Gaviña finalera sailkatu ziren kadete mailan.
Arsuaga-Ugartemendi bikotearen aurka neurtu ziren partida gogorrean. Amurrioarrek maila oso ona erakutsi zuten kantxan, baina ezin izan zioten Hernani eta Leitzako gazteen abiadurari eutsi. 22-18 galdu zuten norgehiagoka.
