'Aiaraldea Trekking' ibilaldiak aurkeztu ditu Kuadrillak

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 22a

None
Kuadrillak 'Aiaraldea Trekki 1 1779452802386
Kuadrillak 'Aiaraldea Trekki 2 1779452806246
Kuadrillak 'Aiaraldea Trekki 3 1779452809455
Kuadrillak 'Aiaraldea Trekki 4 1779452812612
Kuadrillak 'Aiaraldea Trekki 5 1779452815395

Aiaran, Artziniegan, Amurrion, Laudion eta Okondon ibilaldiak egiteko tresnak aurkeztu dituzte, erakunde publikoko ordezkari ugarirekin.

Okondon aurkeztu du gaur Aiaraldeko Kuadrillak bost ibilaldiko ekimena. Aiaraldea Trekking da bere izena eta Laudion, Amurrion, Aiaran, Artziniegan zein Okondon familia giroan herriak ikusi eta ezagutzeko aukera emango dute.

Azaldu dutenez, paseoen irizpideak irisgarritasuna eta jasangarritasuna dira. Irisgarritasuna ez delako mendizale petoa izan behar proposamenekin gozatzeko. Jasangarritasuna ere oso presente egon da proiektuan eta seinaleak, adibidez, egurrezkoak dira. 160 instalatu dituzte bideak argi egoteko bisitarientzat.

Guztira, ibilbideek 45 kilometro baino gehiagoko luzera eta 1.625 metroko desnibel metatua dute, eta zailtasun-maila eta bisitari-profil desberdinetara egokitutako aukerak ematen dituzte.

Esaterako, Amurrioko ibilbidea herrigunetik igarotzen da eta laua da, Laudiokoa landa eremuan prestatu dute eta desnibelaren aldetik, Okondokoa da gogorrena.

Ekimenaren berri emateko eskuorria inprimatu dute eta euskarri digitala ere badago, QR kodea baitauka.

Ordezkaritza zabala

Gaurko agerraldian ordezkari publiko ugarik parte hartu dute. Okondoko, Artziniegako eta Laudioko alkateek egin dute, baita Iñigo Pinedo Kuadrillako presidenteak ere.

Felipe Garcia Miravalles Arabako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria ere bertaratu da, diru ekarpena egin baitu foru erakundeak proiektuan.

Garcia Miravallesek azpimarratu du Aiaraldea Trekking interesgarria dela tokiko herritarrentzat zein turistentzat eta aipatu du produktua turismo azoketara eramango dutela.

Ibilbideak

Paseoen ezaugarriei dagokienez, horrela deskribatu dituzte:

Laudio  (8,5 km | zailtasun ertaina | mendi-ingurunea)

Laudion Lamuza plazan hasi eta amaitzen den ibilbide zirkularra, Arraño, Larrazabal edo Markuartu bezalako auzoak zeharkatzen dituena. Natura eta hiri-ingurunearen konbinazioagatik nabarmentzen da, San Roke eta San Juan ermitak edo Barbaragoiko karea-labe zaharra bezalako ondare-elementuak barne, baita Laudioren begiratokia ere. Paisaia eta ondarea uztartzen dituen ibilaldi askotarikoa da.

Amurrio (5 km | zailtasun txikia | hiri-ingurunea)

Publiko guztientzat egokia den ibilbide zirkular irisgarria, Juan de Urrutia plazatik abiatzen dena. Landako, El Refor eta Aldaiturriaga bezalako eremuak zeharkatzen ditu, tokiko bizitza ezagutzeko ibilaldi osasungarri bat eskainiz. Familientzat edo ibilbide erraz eta gertuko baten bila dabiltzanentzat aproposa da.

Aiara (10 km | zailtasun ertaina | mendia)

Arespalditzatik abiatuta, ibilbide zirkular honek harana zeharkatzen du Gorobel mendilerroa atzealdean duela. Etxaurren eta Izoria bezalako guneak zeharkatzen ditu, eta basoak, antzinako bideak eta balio etnografiko handiko landa-paisaiak uztartzen ditu. Ikuspegi panoramikoengatik eta lurraldearen nortasunarekiko loturagatik nabarmentzen da.

Artziniega (9,3 km | zailtasun ertaina | mendia)

Artziniegako alde zaharretik abiatzen da, multzo monumentaltzat deklaratua, eta landa-bide eta basoetan sartzen da. San Antonio ermita, La Lastra zubia, Orive Salazar dorrea edo La Teja presa bezalako elementuak ezagutzeko aukera ematen du. Paisaia, historia eta arkitektura tradizionala uztartzen dituen ibilbidea da.

Okondo (12 km | zailtasun handia | mendia)

Sareko ibilbiderik zorrotzena, Villachicatik abiatzen dena. Bikirrio tontorreraino igotzen da, baso-inguruneak zeharkatuz eta San Sebastian de Otaola ermita edo La Cuadra jauregia bezalako guneetatik igaroz. Mendi-ibilaldi aurreratuetara ohituta dauden pertsonentzat pentsatua, mendiko esperientzia osoa eta ikuspegi pribilegiatuak eskaintzen ditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide