Araba Euskaraz 2026

Hiru gune "taupadak berpiztu" eta Araba Euskaraz jaiaz gozatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko ekainaren 3a

Gaur aurkeztu dute egitaraua bere osotasunean. / Aiaraldea.eus

Aurkeztu dute Amurrioko Araba Euskaraz jaiaren programazioa. Hiru gunetan banatu dute egitaraua, "taupadak berpiztu" eta Aresketa Ikastolari bultzada emateko asmoz.

Hamaika egun geratzen dira 2026ko Araba Euskaraz jaiaz gozatzeko. Azken asteetan tantaka egitarauaren aurrerapenak eskaini ostean, dagoeneko iragarri dute ekainaren 14rako prestatutako programazio oparoa bere osotasunean. Taupadak berpiztu! lemapean, Aresketa Ikastola hauspotzeko baliatuko dute aurtengo hitzordua, goizetik iluntzera arte luzatuko den ekitaldi sortarekin.

Hiru gune

Ikastolan bertan 10:00etan egingo duten ekitaldiarekin emango diote hasiera egunari. Jarraian, Aresketatik herrigunera jaitsiko da festa-giroa. Hiru gune nagusi atondu dituzte Ikastolaren aldeko jaian bildu dituzten ekitaldi guztiak banatzeko: gune bat parkean eta bi gune Refor kirol-gunearen inguruan. Gune guztietan egongo da jan-edana, beste hainbeste zerbitzurekin batera. 

Dantza ikuskizunak, haurrentzako tailer eta jolasak, kalejirak, zunba, Porrotx eta Marimotots, herri-kirol erakustaldiak... adin eta gustu guztientzako jarduerekin osatu dute hiru guneetako egitaraua.

Musika eskaintza zabalak osagarrituko du Araba Euskaraz jaia. Aipatutako hiru guneetan banaturik Euskal Herri luze zabaleko talde ugari izango dira Amurrioko oholtzan: EH Sukarra, Ganibet, Nafarroa 1512, Akerbeltz edota Bad Sound, batzuk aipatzearren. Tokiko uzta ere ez da faltako, Belgorri seikote amurrioarrak kontzertua eskainiko baitu parkean 14:30ean.

Asteburu osoko plana

Antolakuntzatik asteburu osoan Amurriora bertaratzeko deia egin diete Euskal Herriko hamaika txokotatik bertaratuko diren milaka lagunei. Horretarako, ekainaren 14tik harago ere hedatu dute programazioa.

Ekainaren 12an, ostirala, Kantuz taupadak berpiztu! ikuskizuna eskainiko dute Amurrio Antzokian. Larunbatean, aldiz, Amurrioko XCO sariketaz, Arabako Herriarteko Euskal Pilotako txapelketaren finalaz edota Gazte Asanbladako kideek antolatutako Gazte Egunaz gozatzeko gonbita egin du Aresketa Ikastolako hezkuntza komunitateak.

EGITARAU OSOA

Parkea, 'Bihotza' gunea

11:30 // Araba Euskaraz dantza topaketa! - Aiara Dantza Taldea
12:30 // Herri Kirolak - Vital Fundazioaren eskutik
13:00 // Ugarte Otxotea
14:00 // Belgorri
16:00 // EH Sukarra
17:30 // Akerbeltz

Tailerrak eta jolasak 
11:00-13:00 // Apdemaren txokoa
11:00-14:00 // Haurren basoa
11:00-14:00 // Berriaren txokoa - Asier Kidam-en gertuko magia

EGUN OSOAN ZEHAR
Euskaltelen kukaña bizikletaz

Refor, 'Txinparta' gunea

11:00 //  Porrotx eta Marimotots - Arabako Ikastolekin Irri, Kantu eta Dantza
12:30 // NUN - Gazte Talent
14:00 // Ganibet 
15:30 // Nafarroa 1512
17:00 // Bad Sound

Tailerrak eta jolasak 
11:00-14:00 // Argitxoren txokoa - Argitxorekin jolasean!
11:00-14:00 // Kaiku baserri txokoa - Zatoz behia jeztera eta tailerrera!

EGUN OSOAN ZEHAR
Eroski elikadura eskola

Refor, 'Taupadak' gunea

12:00 // Zunba - Izaskun del Cerro
13:30 // Loa eta Laia zuzenean!
15:00 // Yogurinha Borova - Amona Molona
17:00 // Patxi eta Konpania - Araba Euskaraz Dantza Plazan

Tailerrak eta jolasak 
11:00-14:00 // Kirikiño Aisialdi Taldea - Tailerrak eta jolasak
11:00-14:00 // Amurrioko Xake Taldea - Xake partidak

EGUN OSOAN ZEHAR
Puzgarriak, Ihobe Klima Azoka eta Makusi gunea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide