Iazko esperientziatik tiraka, indarrak batu dituzte berriro ere Urduña, Amurrio, Laudio eta Arrankudiaga-Zolloko pilota klubek. Aiaraldeko pilotari gazteen II. topaketak antolatu dituzte elkarlanean. Ikasturteak iraun bitartean pilotan aritzen diren gazteek, uda sasoian ere, aisialdirako eskaintza izan dezaten.
Lau asteburuz luzatuko da ekimena. Iragan ekainaren 7an burutu zuten lehenengo topaketa Arrankudiagako pilotalekuan. Bigarrena, aldiz, ostiral honetan egingo dute, Amurrioko pilotalekuan, 18:00etatik aurrera. Ekainaren 20an Urduñan elkartuko dira, eta, azkenik, ekainaren 26an Aretan egingo dute azken geldialdia.
Pilotan dabiltzan herri desberdinetako gazteek elkar ezagutzea dute xede antolatzaileek. Horretarako, iaz egin bezala, binakako lagunarteko partidak jokatuko dituzte baina astebururo bikoteak aldatuz joango dira, gazteak elkarren artean ahalik eta gehien nahasteko.
