Azken 24 orduetan hainbat albiste pilatu dira Tubos Reunidosen egoerari dagokionez. Azkena gaur arratsaldean jazo da, Jesus Perez Rodriguez Urrutiak dimisioa aurkeztu baitu. Administrazio Kontseiluko kideak adierazi du multinazionalak une honetan duen egoerak arreta berezia eskatzen duela, eta zeregin hori bateraezina zaiola dituen beste ardurekin. Dena den, kontuan hartu behar da bera dela Entzutegi Nazionala ikertzen ari den pertsonetako bat SEPIren erreskatearen auziari lotuta.
Balizko inbertitzaileak
Atzo, aldiz, bilera egin zuten Enpresa Batzordeko kideek Eusko Jaurlaritzako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundietako eta Amurrioko Udaleko ordezkariekin.
Sindikatuak kritiko azaldu dira bilerak emandako fruituekin. ESK kezkatuta atera zen bileratik, erakunde publikoek "informazio zehatzik eman gabe" jarraitzen dutelako, langileei "erantzukizuna, zuhurtzia, diskrezioa eta konfiantza" eskatzen dieten bitartean.
ESKren arabera, erakunde publikoek atzoko bileran esan zuten badaudela balizko inbertitzaileak, "atzerrikoak era bai", baina salatu dute ez dietela informazio esanguratsurik eman gai horri dagokionez
Sindikatuaren arabera, erakunde publikoek bileran esan zuten badaudela balizko inbertitzaileak, "atzerrikoak era bai", baina salatu dute ez dietela informazio esanguratsurik eman gai horri dagokionez. "Zaila da konfidentzialtasuna eskatzea informaziorik ematen ez denean. Ez dakigu zer proposamen dauden, zer proiektu ari diren aztertzen edo Tubos Reunidosek zer benetako aukera dituen", nabarmendu dute langile erakundeko kideek. Gauzak hala, "gardentasuna, informazioa eta ziurtasunak" eskatu dituzte.
Antzeko iritzia plazaratu du LABek. "Konpromisoa, gardentasuna eta laguntza publikoak baldintzatzea" eskatu zien sindikatu abertzaleak Industria Sailari eta aldundiei, bilera aurretik plazaratutako ohar batean. Tubos Reunidos "industria-proiektu integral gisa" mantentzea eskatu du langile erakundeak, eta berriz aldarrikatu du "etapa berri batek kudeaketa berri bat eta zuzendaritza berri bat ere eskatzen dituela".
Ramiro Gonzalezen adierazpenak
Arabako Ahaldun Nagusia ere mintzatu da eskualdeko egoera sozioekonomikoari buruz. Ramiro Gonzalez pozik azaldu da Maderas de Llodioko langileek Garnicako zuzendaritzaren proposamena onartu izanagatik, eta "elkarrizketa sozialean sakontzeko beharra" jarri du mahai gainean. Bere ustez, Laudioko fabrika horretako akordioak balioko du ekoizpena berriro abiatu eta bezeroak berreskuratzeko, "Laudiorentzat berebizikoa den enpresa baten jarraikortasuna bermatuz".
Tubos Reunidosi dagokionez, Aldundiko burua kezkatuta azaldu da multinazionalaren gainean dagoen ikerketa judizialagatik. Horregatik, nabarmendu du egoera horrek ez lukeela konkurtsoaren negoziaetan eragin beharko.
Ramiro Gonzalezen ustez, "akats larria" da "borroka sindikala enpresen aurkako bataila bat bezala planteatzea", horrek "gizartearen osotasunaren probretzea" soilik dakarrelako.
Astero eskaintzen duen prentsaurrekoan egin zituen Gonzalzek adierazpen horiek, baina atzo gauean berriz hartu zuen hitza Arabako Merkataritza Ganbararen sarien banaketa galan. Bertan, Ahaldun Nagusiak kritika ugari plazaratu zituen sindikatuekiko. Bere hitzetan, "akats larria" da "borroka sindikala enpresen aurkako bataila bat bezala planteatzea", horrek "gizartearen osotasunaren probretzea" soilik dakarrelako. Gauzak hala, "enpresa lkultura" izatea eskatu zien langileen erakundeei.
Industria mahaiaren bilera hilaren 23an
Bestalde, Gonzalezek balioan jarri zuen Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaiak eginiko lana, eta aurreratu zuen ekainaren 23an aurkeztuko dutela bertan planteatutako neurri sortaren lehen zirriborroa. Horren ostean, beste bilera bat egingo dute uztailean, "ekintza eta ildo zehatzak" planteatzeko.