Uztailaren 6tik 2027ko martxora arte luzatu nahi du Tubacexek Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 16a

2021ean Tubacexeko langileek egindako mobilizazio bat.

%70an eragingo lioke espedienteak langileei eta LABek bertan behera uztea eskatu du, gogoratuta 1.200 milioi euroko eskari zorroa duela multinazionalak.

Gaur 16:00etan bildu dira Tubacex enpresako ordezkariak eta Laudio eta Amurrioko lantegietako sindikatuak konpainiak abiatu nahi duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea dela eta. Ekaineko 23an, 26an, 29an eta uztailaren 1ean elkartuko dira berriro.

Multinazionalak dokumentazioa eman die langileen ordezkariei eta iragarri du beharginen lanaldia murrizteko neurria uztailaren 6an abiatu nahi duela otsailaren 28an amaitzeko. Hau da, martxoan itzuliko litzateke normaltasuna Aiaraldeko fabriketara.

Momentuz, ELAk eta LABek zabaldu dituzte oharrak batzarrari buruz. ELArena informatiboa izan da nagusiki, eta aipatu du espedientearen eragina %70koa izango dela, hau da, 95 egunekoa langile bakoitzeko.

Halaber, erakundeak azaldu du zuzendaritzak argudiatu duela Ukrainiako eta Irango gerrek, Txinako lehiakideek eta Ameriketako Estatu Batuetako muga zergek bultzatu diotela neurria hartzera. ELAk itaundu du Irango akordioaren eragin positiboei buruz, baina ez du erantzun argirik jaso.

LABen salaketa

Bere aldetik, LABek exijitu dio enpresari Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea bertan behera uzteko. Sindikatuaren aburuz, zaila da ulertzea 1.200 milioi eurotik gorako eskari-zorroa duen eta hurrengo hilabeteetarako aurreikuspen positiboez hitz egiten jarraitzen duen enpresa batek ABEEE bat planteatzea.

Gainera, LABek gogoratu du konpainiak berak berriki adierazi duela eskari-zorro sendoa duela eta negozio-aukeren bolumen handia duela hurrengo hiruhilekoetarako.

Horrez gain, langile erakundeak azpimarratu du  2025ean 25 milioi euro inguru banatu zituztela dibidenduetan eta maiatzean beste 6,3 milioi euro banatu zituztela akziodunen artean. Gauzak horrela, sindikatuaren ustez, erakunde publikoek baimenduko diote enpresari etekin marjina hobetzea gizarte segurantzaren eta langileen langabeziaren kontura: "Baliabide publikoak kudeatzen dituztenek bermatu behar dute ABEEEk benetako beharrei erantzungo dietela eta gizarte osoaren diruarekin egoera koiunturalak finantzatzeko mekanismo bihurtuko ez direla, are gutxiago dibidenduak banatzen eta akziodunentzat mesedegarriak diren ordainsari-politikak mantentzen diren bitartean. Administrazioek ezin dute prestazioen ordaintzaile gisa bakarrik jardun".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide