Aiaraldeko Bizkaiko eta Arabako herrien estrategiak koordinatzea eta batzearen beharra aldarrikatu du EH Bilduk

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 18a

Eva Lopez de Arroyabe eta Ainize Gastaka, gaurko agerraldian. / Aiaraldea.eus

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak agerraldia egin du gaur Laudion eskualdeko koalizioko hainbat ordezkarirekin Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaian egindako lana baloratzeko.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini du gaur Kasinoan Laudioko, Aiarako eta Artzinieako alkateekin eta Amurrio eta Urduñako zinegotziekin ere.

Arabako Foru Aldundiak bultzatutako Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaia baloratu du Lopez de Arroyabek. Lehenik eta behin, azpimarratu du eskualdeko Bizkaiko herriak ez dituztela gonbidatu eta horrek koordinazio arazoak sortu dituela: "Gabezia hori hilabete hauetan jorratutako gai askotan ikusi dugu. Hor dago Aiaraldeko Ikus-entzunezko HUBaren adibidea. Ez du inolako logikarik Araba eta Bizkaia eremu horretan 8 kilometrotan bi proiektu lehiatzen aritzeak. Nahiko sentsazio zabaldua dago elkarrekin lan egiteko eta eskualdeko udalerrien artean lehiatzeari uzteko beharraz".

Kritika hori plazaratzeaz gain, Arabako batzarkideak azaldu du EH Bilduk 80 proposamen egin dituela eta horietako batzuk estrategikoak direla. Adibidez, lurzoru industriala bultzatzeko premiak aipatu ditu: "Udalaz gaindiko industrialde bat sortzea, erakunde publiko batek kudeatuta; garapen-agentzien koordinazioa hobetzea, eskualdeko agentzia bihurtuz; edo ikerketarako eta garapenerako aholkularitza-sistema bat sortzea, enpresa txiki eta ertainei zerbitzua emango diena".

Energia trantsizioa ere izan du hizpide Lopez de Arroyabek. Bere ustez, energia berriztagarria sortu behar da non kontsumituko den kontuan izanda. Horregatik, defendatu du ezinbestekoa dela udalerri bakoitzaren behar energetikoak eta bitarteko berriztagarriarekin asetzeko duten gaitasuna ezagutzea, "Aiarak eta Artziniegak edo Laudiok Eguzki Mapa egiten hasi diren bezala".

Eragile guztiak

Aiaraldea Komunikabideak galdetu dio Eva Lopez de Arroyaberi azken astean Ahaldun Nagusiak eskualdeari buruz egin dituen adierazpenei buruz, zeinean oso kritiko izan den sindikatuekin. Ordezkari politikoa erantzun du Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaian batzutan ez direla baldintzak eman eragile guztiek parte hartzeko eta kasu batzuetan EH Bilduk ere uko egin diola aritzeari.

Edonola ere, azpimarratu du ezinbestekoa dela guztien ekarpena eskualde erakargarria osatzeko.

Horrez gain, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du erakundeak oso motel ari direla erantzuten Aiaraldeak bizi duen krisialdiari: "2018an Eusko Legebiltzarrean bultzatu nuen Aiaraldea agenda politikoan sartzea eta eztabaida horren ondorioz sortu ziren planak ez dira gauzatu, bereziki, industriaren esparruan".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide