EHZ Festibalaren aurtengo edizioa ez da edonolakoa izango, jaialdia gaztaroa atzean uzten ari baita eta 30 urte beteko ditu. Hitzordu berezia izanik, ohiko ezaugarrei eutsi diete eta auzolana eta tokiko doinuak izango dira egitarauaren ikurrak Arberatzen hurrengo asteko ostiralean, larunbatean eta igandean.
Guztira 29 proposamen eramango dituzte oholtzara eta musika proiektu berriak uztartuko dituzte (Silitia, Lide Hernandoren Bele, Jonkass...) askoz konsagratuagoak diren beste batzuekin (izan Merina Gris edo Niko Etxart).
Edonola ere, zuzeneko musika baino egitasmo gehiago baliatuko dituzte, izan zirkua, antzezlana edo dantza. Horrez gain, umeentzako txokoak eta bestelako ekintzak ere prestatuko dituzte. Egitarau osoa hemen ikus daiteke.
Aiaraldea Komunikabideak sarrera bikoitza zozkatuko du igandean eta interesdunek hemen eman dezakete izena.