Eskualdetik atera gabe berritu edo egin ahalko dituzte herritarrek NAN zein pasaportea. Izan ere, Espainiako Poliziaren Dokumentazio Dibisioaren bulego mugikorrak Okondo, Urduña eta Aiara bisitatuko ditu datozen egunotan.
Gaur bertan egongo dira Okondon, ekainaren 29an Urduñan eta uztailaren 8an Arespalditzan. Hitzorduak goizez izango dira eta aurretik eskatu behar da zita udalerri bakoitzeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, bulegoan bertan zein telefonoz.
Dokumentuak eskudirutan bakarrik ordaindu ahalko dira eta honako prezio hauek izango dute: 12 euro NANak eta 30 euro pasaporteak. NANa ez badago iraungita, doakoa izango da berritzea.
Eraman beharreko dokumentazioari dagokionez, errolda-agiria beharrezkoa izango da helbidean aldaketarik balego, edo dokumentuak lortzeko lehenbiziko aldia bada. Horrez gain, argazki gaurkotu bat ere eraman beharko dute interesdunek.
Informazio gehiago lortzeko edo zalantzak argitzeko telefono hauek daude eskuragarri: 945 89 80 23 (Okondo), 945 38 30 03 (Urduña) eta 945 39 90 13 (Aiara).