Renfek jakinarazi du moldaketak egin beharko dituela Bilboko Aldirietako C3 linean, Bidebietako geltokiko lanak direla eta. Hala, uztailaren 4a eta 9a bitartean linea horretako bidaiariek autobusez egin beharko dute Arrigorriaga eta Bilbo arteko ibilbidea, bi noranzkoetan.
Aldirietako zerbitzuari soilik ez, Distantzia Erdiko trenei ere eragingo diete obrek. Bilbo eta Miranda Ebro arteko trenek errepidez egingo dute ibilbide osoa. Era berean, hiriburu bizkaitarra eta Madril zein Bartzelona lotzen duten trenek, Miranda Ebro arteko zatia autobusez egingo dute baita ere, aurretik aipatutako egunetan eta bi noranzkoetan.
Gorabeherak azken egunetan
Azken egunetan, hainbat intzidentzia egoten ari dira Renfeko C3 linean, horietako batzuk Bidebietako obren eraginez. Astelehenean adibidez, nabariak izan ziren atzerapenak eta hainbat tren ere bertan behera utzi behar izan zituzten, "azpiegituran izandako gertakari baten ondorioz".
Egoera atzo errepikatu zen eta, esaterako, Abiadura Handiko Tren bat geldirik utzi zuten Laudion eta bere bidaiariak Aldirietako unitate batean amaitu zuten ibilbidea.
Horrez gain, atzo gauean, autobus bidezko garraio alternatiboa jarri zuten Laudio eta Urduñako geltokien artean. Gaur goizean ere 15 minutuko atzerapenak jakinarazi dituzte Bilbo eta Urduña lotzen dituen tren zerbitzuan.
Renferen WhatsApp kanalean eta aplikazioan zein geltokietan jaso daiteke C3 linearen egoera eguneratuaren berri.