50 ikasle inguru bildu zituen atzo Aiaraldeko Ikasle Egunak Laudioko lamuza parkean, Ikasle Antolakunde Sozialistako kideek azaldu dutenez. "Egunak ikasleen arteko elkargune izatea izan zuen helburu, baita ikasleon eguneroko problematikaz hausnartzeko eta antolatzeko espazio bat eskaintzea ere", azaldu dute antolatzaileek. Horretarako, ikasle problematikaren inguruko hitzaldia eskaini zuten lehenbizi, "gaur egun ikasleek hezkuntza sisteman eta egunerokoan bizi dituzten erronkei buruz hitz egiteko". Bertso saioari eman zioten paso jarraian, eta Gatazka, DJ EKIS eta 7170 taldeen kontzertuekin amaitu zuten eguna.
Nabarmendu dutenez, aldarrikapenek presentzia esanguratsua izan zuten egun osoan zehar. Besteak beste, euskararen defentsaren aldeko pankartak jarri ziren Lamuza parkean, "azkenaldian euskararen eta euskaraz ikasteko eskubidearen inguruan sortu diren polemiken testuinguruan".
Antolatzaileak pozik azaldu dira ekimenak izandako harrerarekin eta egun osoan zehar sortutako giroarekin. Euren hitzetan, "Ikasle Eguna ez zen soilik aisialdirako hitzordu bat izan; ikasleon artean harremanak sendotzeko, hausnartzeko eta kolektiboki antolatzeko aukera ere izan zen".
Argazkiak: Aiaraldeko Ikasle Antolakunde Sozialista