Valentin Campo da Aiaraldean txirrindularitzari lotutako izenetako bat. Eskualde emankorra da hau kirol horretan eta arlo ugaritan adierazten da hori, batzuk txirrindulariak dira, badaude entrenatzaile edo prestatzaile fisiko profesionalak, edota presidenteak ere.
Valentin Camporen kasuan, Aiara Txirrindularitza Taldeko kadete taldeko zuzendaria izan da, berak azaldu duenez sare sozialetan, aurtengoa izango baita azken denboraldia.
Berez, artziniegarrak aipatu duenez, 45 urte bete ditu klubean. Hasieran txirrindulari gisa eta azken hamarkadatan trebatzaile eta antolatzaile moduan.
Hamarkada hauetan jende ugarirekin izan du harremana eta ezagutu dutenek azpimarratu dute Camporen inplikazioa eta jakintza, bai eta inplikazioa gazteak entrenatzeko eta hainbat lasterketetan parte hartzeko ere, bai Euskal Herrian zein kanpoan.
Horrek, ingurukoek argitu dutenek, hainbat eta hainbat asteburu eman gazteei esperientzia eta trebakuntza eskaintzen ematea ekarri dio.
Baina horrez gain, txirrindularitzaren balioak transmititzeko gaitasuna ere goraipatu dute, adibidez, taldea egiteko garrantzia. Campok orduak eta orduak eman ditu horretan eta ezbeharrak gertatu direnean, esaterako, istripuak errepidean, gazte zein gurasoen alboan egon da ospitaletan zein etxeetan.
"Astebururo egon da gazteekin, berdin irabazi edo lasterketa ez bukatu. Izan ere, txirrindularien maila oso handia da hemen eta ohikoena da ez irabaztea", esan du kadete taldeko kide ohi baten gurasoak.
Horri gehitu behar zaio lasterketen antolaketan egindako lana: Aiarako Bira, Emakumeen Aiarako Bira, Ibaguenen egindako ziklokrosak, Euskadiko Txapelketa barne...
Eta beste alde bat, lorpen guztien komunikazioa. Izan ere, denbora eskaini dio Campok sare sozialetan gazteen emaitzak (positiboak edo ez horren onak izan) zabaltzeari.
Jakintza eta esperientzia
Ingurukoek Valentin Campok metatutako esperientzia jakinduria ere garrantzitsutzat jo dute. "Urte mordoa eman ditu lasterketetan eta primeran ezagutu ditu, gazteei emandako aholkuak oso baliogarriak dira beti".
Izan ere, Campok berak adierazi duenez, 200 bat neska-mutil entrenatu ditu.
Edonola ere, artziniegarrak kadete kategoriatik harago ere ekarpenak egin ditu eskualdeko hainbat lasterketetan edota La Karpy bezalako jaiaren antolakuntzan.
Campok jakinarazi du ez duela harremana etengo klubarekin, baina azken lerrotik lagunduko diola egungo zuzendaritzari.