ELA sindikatuak iragarri du Aiaraldeko Kuadrillako herrien (Laudio, Amurrio, Artziniega, Okondo eta Aiara) zabor bilketa zerbitzuan greba mugagabea hasiko dela uztailaren 20an.
Horren arrazoia da Prezero enpresa esleipendunak proposamen "eskasa" egin diela lan hitzarmena berritzeko. Gauzak horrela, erakundeak ziurtatu du bertan dauden hamaika langile finkoek adostu dutela greba mugagabera jotzea.
Neurri hori hartu dute "enpresak soldaten igoera KPIari lotzeari uko egin ostean". Antza, Prezeroren azken proposamenak %2ko soldata igoera aurreikusten du 2026rako eta 2027rako eta ez du KPI erreferentziatzat hartuko. Sindikatuak azpimarratu du horrek erosahalmenaren galera ekarriko diela beharginei modu iraunkorrean.
Halaber, sindikatuak aurreratu du mobilizazioari eutsiko diotela "enpresak eta Aiaraldeko Kuadrillak jarrera aldatu eta langileen eskaerei erantzuten dien proposamen bat aurkeztu arte".