Lamuza parkeko Ispiluen Aretoan batu ziren atzo ordezkari politiko eta ekonomiko anitz Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaiaren ondorioen berri izateko. Entzuleen artean eskualdeko enpresa arduradunak, merkatarien elkarteen buruak eta Arabako Foru Aldundiko zein tokiko erakundeetako politikari mordoa elkartu ziren (alkateak, zinegotziak...).
Hitzorduaren helburua izan da eztabaida foroaren ondorio nagusiak azaltzea, betiere azpimarratuta prozesu baten abiapuntua baino ez direla. Izan ere, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak argitu zuen txostenak ez duela ezertarako balio ez badira erabakiak hartzen.
Mikel Jauregi Industria Sailburuak mezu bera zabaldu zuen eta gaineratu zuen bakoitzak bere neurrian ardurak dituela eta erakundeen esku egon behar dela proiektuak erakartzea, bultzatzea eta babestea.
Ondorio nagusiak
Saray Zarate Ekonomia Diputatuaren esku geratu zen txostenaren ardatz nagusiak aipatzea, denak elkar lotuta daudela argituta.
Zarateren hausnarketa nagusia da Aiaraldeak lehiakortasuna galdu duela azken urteetan, baina oinarri industriala duela bultzada berria egiteko.
Txostenaren hausnarketa nagusia da Aiaraldeak lehiakortasuna galdu duela azken urteetan, baina oinarri industriala duela bultzada berria egiteko.
Gauzak hala, eskualdeak espezializazio eta ezagutza handia du abantaila estrategikoa duten industriako sektore eta azpisektoreetan. Horrez gain, enpresa handiak eta kalitate-estandar altuak dituzten enpresa txiki eta ertain laguntzaileak daude.
Halaber, berrikuntzaren alde egiteko beharra identifikatu dute "lehiakortasuna hobetzeko, iraunkortasunean aurrera egiteko eta enplegua, aberastasuna eta lurralde-kohesioa sortzeko".
Horretarako, erronka nagusien artean kokatu dituzte digitalizazioa, kudeaketan eta ekoizpen-prozesuetan adimen artifiziala sartzea eta deskarbonizazioaren, energia-eraginkortasunaren eta ekonomia zirkularraren arloko irtenbide berriak bilatzea.
Talentua erakartzeko baldintzak
Beste gakoetako bat etorkizunerako talentu berria erakartzea izango da, eta enpresen eta ikasketa zentroen arteko koordinazioa ez ezik, ezinbestekotzat jo dute konpainiek proiektu profesional erakargarriak eskaintzeko duten gaitasunarekin eta eskualdeak berak etxebizitza, zerbitzuak, aisia eta bizi-kalitatea eskaintzeko duen gaitasunarekin ere lotzea.
Eskualdeak duen beste erronka bat, txostenaren arabera, bada zoru industriala handitzea eta Aiaraldeko ikuspegiz jokatzea, dauden komunikazio azpiegiturak profitatuta.
Agiriak detektatu duen beste korapilo bat da enpresen eta alde sozialaren arteko mesfidantza eta elkarrizketa sozialak hobetzeko beharra.
Azkenik, irudia lantzeko beharra ere mahairatu dute, Aiaraldearen pertzepzio positiboa sustatzeko.
Elkarrekin Podemos IU-k txostena kritikatu du
Ahaldun Nagusiaren agerraldia 18:00etan hasi bada, 16:20ak aldera Elkarrekin Podemos IUk komunikatu du ez duela sinatu Aiaraldeko Garapen Industrialerako Mahaiaren ondorioen txostena, iritzita dokumentuak ez duela behar bezala aitortzen Aiaraldeko langile klasea eta hark harana Euskal Herriko industria-erreferente nagusietako bat eraikitzeko izan duen funtsezko zeregina. Gainera, industria-lurzoruaren erabileraren kontzeptua ere ez du egoki lantzen dokumentuak, opozisioko taldearen ustez.
Zehazki, ezkerreko koalizioak kritikatu du "erabat okerra dela lan-eskubideen defentsa lan-gatazkatzat jotzea eta hori eskualdearen ahulguneetako bat eta haren irudiaren narriaduraren adierazle gisa aurkeztea". Bere hitzetan, "gaur egun Estatuko gainerako lurraldeek Euskadiri begiratzen badiote, hein handi batean bertako langile klaseak historikoki erakutsi duen antolakuntza-, defentsa- eta borroka-gaitasunagatik da; izan ere, horri esker lan-baldintzak hobetu dira eta, ondorioz, Arabak gaur egun duen garapen ekonomikoa sendotu ahal izan da".