Gaur hasiko da Orozkon Emakumeen Aiarako Biraren III. edizioa

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 24a

Atzoko aurkezpenaren irudia. / Aiarako Emakumeen Bira

Hiru etapa izango ditu probak eta 180 txirrindulari batuko dira lehian. Atzo izan zen aurkezpena Orozkon bertan.

Gaur hasiko da Emakumeen Aiarako Biraren III. edizioa Orozkon. 17:00etan izango da udaletxe aurrean eta 2,2 kilometroko erlojupeko etapa egin beharko dute parte hartuko duten 180 txirrindulari inguruk.

Izan ere, atzo aurkeztu zuten proba Orozkon bertan antolatzaile eta politika zein kirol arloetako ordezkari ugarirekin.

Bihar izango da bigarren etapa, 17:00etan Laudion. Horrek 57 kilometro izango ditu eta Arespalditzaraino luzatuko da, gero Laudiora itzultzeko.

Igandean lehiatuko da 53 kilometroko azken lasterketa. 10:30ean abiatuko dute Amurrion eta inguruak zeharkatuko dituzte (Larrinbe eta Saratxo, adibidez) udalerrian amaitzeko.

18 talde

Euskal eta Arabar Txirrindularitza Federazioek, Laudioar Txirrindulari Elkarteak, Aiala Txirrindulari Elkarteak eta Amurrio Txirrindulari Elkarteak antolatutako hitzordua kadete eta junior kirolarientzat prestatzen dute eta guztira 18 taldek erantzun diote deialdiari.

Asko Euskal Herrikoak dira, baina badaude ere Kanariar Uhartekoak, Asturiasekoak, Extremadurakoak edota Valentziakoak. Guztira, 180 txirrindulari elkartuko dira irteeran.

Aurtengo edizioak erakutsi du Emakumeen Aiarako Bira egonkortu egin dela egutegian jadanik eta interesdunek, gainera, zuzenean jarraitu ahal izango dute proba osoa streaming bidez hemen, nahiz eta gomendagarriena errepideetan bertan ikustea den, jakina. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide