XVIII. mendean sortutako gatazken ondorioz, 1751n Valladolideko Errege Kantzilerrak egungo mugarriak ezarri zituen Laudio eta Arrankudiaga-Zolloren artean. Izan ere, 1740. urtean Laudioko eta Arrankudiaga-Zolloko herritarrek talka egin zuten Arantzazuko mendiaren eta Santa Anako baselizaren jabeagoatik.
Egun ermita hori ez da jadanik existitzen, baina han elkartzen dira Laudioko eta Arrankudiagako alkateak euren makilak aurrez aurre jartzeko.
Izan ere, mugarriak behin betiko jarri zituztenetik, bi eremuetako ordezkariek bisitatzen dute tokia ziurtatzeko bere tokian jarraitzen dutela eta aurten ere ohitura bete dute. Horrela, atzo Laudioko eta Arrankudiaga-Zolloko alkateek eta hainbat zinegotzik parte hartu zuten ekitaldian, Aretako jaietako programaren barruan.
Deialdiak bi herrien arteko elkarbizitza islatzen du eta Txomin Egiluz Sagastizabal historiako ikerlariak azaldu duenez, 1655ean hasi ziren ospatzen Santa Ana. Zehazki, Juan Bautista de Otxoa Laudioko garaiko alkateak abiatu zuen ohitura, jatorriz arrankudiagarra zena. Erromeria ez ezik, bi udalerrietako herritarrek aker borrokak eta sokatira ere egiten zituzten.
Argazkiak: Laudioko Udala eta Txomin Egiluz Sagastizabal