Arabako Foru Gobernu Kontseiluak atzo berretsi zuen 310.000 euro erabiliko dituela lurraldean turismoa sustatzeko. Kuadrillaka banatu ditu ekarpen ekonomikoak eta Aiaraldeari 55.000 euro egokitu zaizkio.
Berez, Gorbeialdeak, Lautadak eta Añanak diru kopuru bera jasoko dute eta Mendialdiak 51.884. Arabar Errioxa da gutxien eskuratzen duena, 41.756 euro.
Eskualdeari dagokionez, Foru Aldundiak jakinarazi du ekintza hauetarako baliatuko duela dirua: bisita gidatuak eskaintzeko, sustapen azoketara joateko, turismo bulegoa kudeatzeko, eskualdeko alde erakargarriak erakusteko, sektorekoentzako topaketak antolatzeko (bidaia agentziak eta prentsa espezializatua), Barnealdeko Hondartzak eta Gorbeia Cycling turismo produktuetarako eta Gorbeia Experience ekitaldirako.