Aiaraldeko jaietan euskal presoen alde kaleak hartzeko deia luzatu dute

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko uztailaren 31

Uda eta festa sasoia euskal presoen aldeko elkartasunez betetzeko deia egin du Sare Herritarrak. Amurrion, Laudion eta Orozkon egingo dituzte mobilizazioak datozen hilabetean. Bertaratzeko deia luzatu diete Aiaraldeko bizilagunei.

Preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herri berria du ortzimugan Sare Herritarrak. Euskal presoen eskubideen aldeko eragileak Helmuga izena jarrio dio Euskal Herrian eragin nahi duen ziklo historikoaren aldaketari, eta bide horretan mobilizazio olatua abiatu du, gaur egungo egoerak "inoizko herri aktibazio handiena eskatzen duela" ulertuta.

Mobilizazioak Aiaraldean

Urtero bezala, eskualdeko jaiak baliatuko dituzte euskal preso eta iheslarien eskubideak defendatu eta hauen etxeratzea aldarrikatzeko. Datorren urtean gisa honetako mobilizaziorik ez egiteko asmoz ekingo diote aurtengo jaietan kaleak hartzeari. "Datorren urteko eskualdeko jaietan horrelako mobilizaziorik egin behar ez izatea nahi dugu. Horrek esan nahiko lukeelako dagoeneko gehiegi luzatu den auzi bati konponbide bat eman zaiola", azpimarratu zuten atzo Laudioko Herriko Plazan egindako agerraldian.

Amurrion, Laudion eta Orozkon egingo dituzte mobilizazioak. Abuztuaren 15ean jarri dute lehenengo hitzordua. Laudioko Jaietako txupinazoa probestuz elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan, eta egun berdinean manifestazioa egingo dute Amurrion, 20:30ean.

Abuztuaren 29an, Laudioko Odoloste Egunarekin bat eginez, gauerdian kalejira egingo dute tren geltokitik abiatuta. Azkenik, irailaren 2an, Orozkoko jaietan, elkarretaratzea egingo dute 20:00etan eta elkartasun afaria 21:00etan.

"Konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde indarrak batu" eta mobilizazioetara batzeko deia luzatu diete Aiaraldeko bizilagun guztiei: "Hau, aldarrikapen uholde handi bat izatea nahi dugu. Bai, aurten ahalegin kolektibo handiena egin behar da euskal gizartearen gehiengoak aurrera egin nahi duela adierazteko. Horregatik, gaur, Laudio, Amurrio, Orozko, Areta, Arakaldo, Luiaondo, Okondo, Urduña, Aiara eta Artziniegako herritar guztiei dei egin nahi diegu Aiaraldean zehar antolatu ditugun aldarrikapen eta elkartasun ekimen hauetan parte hartzera eta urtarrilaren 9an konponbidearen alde kaleak hartzera".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide