Inprentatik atera berri da Aiaraldea Jaietan aldizkaria. Atera ondorioak, gauza bakarra esan nahi du horrek: Lur planetak bira oso bat eman du Eguzkiaren inguruan, eta berriro ere ate-joka dauzkagu auzo eta herrietako jaiak. Elkarrekintza etengabean dago unibertsoa eta gure orbitatik kanpo gertatzen denak ere eragina du gurean: gau laburrak, egun luzeak, giro epela, eklipse bat akaso… Festa kozinatzeko berebiziko osagaiak.
Baina ez gaitezen katramilatu, unibertsoa handiegia da. Gure txikitasuna ospatu eta aldarrikatzeko egunak dira ate-joka ditugunak. Izan ere, milaka argi-urtetara geratzen diren fenomeno astronomikoek bezain besteko xarma daukate gaueko ordu txikitako dantzaldiek, trikiti eta dultzaina doinuek, buruhandiek, txosnek, bolatokiek, herri bazkariek…
Aiaraldeko unibertso partikularra kolektiboki goratzeko egunak datoz, eta hitzordu bakar bat ez galtzeko gida osatu dugu. Hurrengo orrietan aurkituko dituzu udalerri nagusi zein administrazio batzar txikienetako jaien egitarauak. Planeta erraldoienak eta satelite ñimiñoenak, denek osatzen dute gure eskualdearen galaxia.
Aiaraldea Komunikabideko kideon partez gozatu auzo eta herrietako jaiak. Gozatu errespetuz, elkartasunez eta, bereziki, gozatu euskaraz!