Egutegian gorriz markatutako eguna da abuztuaren 12a. Ez soilik Amurrion Iguarrakoaren etorrera ospatuko dutelako, baizik eta eguzki eklipse oso batek Aiaraldeko zerua erabat ilunduko duelako.
Fenomeno astronomikoa
Parekorik gabeko fenomeno astronomikoa da eguzki eklipsea. Une batez lerro berean egongo dira Eguzkia, Ilargia eta Lur planeta; horren ondorioz Ilargiak erabat estaliko du eguzkia, eta, halako batean, gaua etorriko da. Ehunka urtetan errepikatuko ez den fenomenoa da, eta zortekoak gara. Izan ere, Aiaraldea eklipse totala gertatuko den eremu geografikoaren barruan dago kokatuta.
Abuztuaren 12an, 19:30ak aldera hasiko da eklipsea. Aurrena eklipse partziala gertatuko da, hau da: Ilargiak gutxika gutxika Eguzkia estaltzen joango da. Prozesuak 20:27etan joko du goia. Orduan bai, 60 segundoz Ilargiak guztiz estaliko du Eguzkia. Momentu horretan, Ilargiaren itzalaren etorrerak tenperaturak nabarmen jaitsiko ditu, eta haize-boladak sortuko dira ere. Horren ostean eguzkia berriro ere hasiko da ilargiaren atzetik ateratzen, eta arratsaldeak ohiko “normaltasuna” berreskuratuko du.
Kontuan hartu beharrekoak
Eguzki eklipsea ikusteko ipar-mendebaldeko ortzimuga garbi duen lekua topatzea ezinbestekoa izango da. Eklipsea gertatzen denerako eguzkia nahiko baxu egongo da, 8º inguruko altueran. Nahikoa izan daiteke norberak abuztuan ilunabarrak ikusteko baliatzen duen tokia. Beti ere ortzimuga estaltzen duen eraikin edo mendirik ez dagoen bitartean.Eklipsea behatu ahal izateko segurtasun neurriak hartzea ere funtsezkoa izango da. Oso arriskutsua da eguzkia begi hutsez begiratzea. Horretarako, eklipse-betaurrekoak banatzen hasi dira hainbat optika eta erakundeetan.
Jende oldea espero da eklipsea ikusgai egongo den tokietan. Hori dela eta, erakunde desberdinetatik joan-etorriak mugatu eta aurreikuspenarekin jokatzeko deia egin dute.
Festa ez dadin eklipsatu
Amurrioko txupinazoarekin egingo du bat eklipseak, bete betean. Bi gauzetaz gozatu ahal izateko eklispearen kalejira egingo dute txupinazoa jaurti bezain laster. Zaprast elektrotxarangak gidatuta eklipsea ikusten den toki batera joango dira festa-zaleak. Gainera, eklipsea modu egokian ikusi ahal izateko betaurrekoak banatuko ditu arratsalde horretan bertan Amurrioko Udalak.