Gaur, 20:27ean, une batez lerro berean egongo dira Eguzkia, Ilargia eta Lur planeta. Horren ondorioz Ilargiak erabat estaliko du Eguzkia, eta, halako batean, gaua etorriko da Aiaraldera.
Parekorik gabeko fenomeno astronomikoa izango da gaurkoa, eta zorionekoak gara aiaraldearrok, eklipse totala gertatuko den eremu geografikoaren barruan baitago kokatuta eskualdea.
Horrek ez du esan nahi, ordea, edozein lekutik ikusi ahalko denik, Eguzkia oso baxu egongo baita mendebaldeko zerumugan. Horregatik, eklipsea ikusi nahi izanez gero horizontea ahalik eta garbien izatea komeni da, mendiek, zuhaitzek edo eraikinek ikuspegia oztopa ez dezaten.
Segurtasun neurriak
19:30ak aldera hasiko da Iargia Eguzkia estaltzen, eta une horretatik aurrera ezinbestekoa izango da eguzkia behatzeko berariazko betaurreko homologatuak erabiltzea. ISO 12312-2 arauaren araberako betaurrekoak izan behar dute. Dagoeneko denda, optika eta farmazia gehienetan agortuta daude eta hainbat erakundek ere doan banatu dituzte aurreko egunetan.
20:27ean helduko da eklipsea osotasun-fasera eta soilik orduan kendu ahal izango dira betaurrekoak. Minutu eskas bat iraungo du egunak itzalita, eta Eguzkiaren lehen argia berriro agertu bezain pronto, berriz jantzi beharko dira antiojoak.
Jende oldea espero da eklipsea ikusgai egongo den lekuetan , eta beraz, joan-etorriak mugatu eta aurreikuspenarekin jokatzeko deia egin dute tokiko erakundeek. Autoaren erabilera ahal den neurrian saihestea ere eskatu dute, eta egunean zeharreko tenperatura altuak kontuan hartuta, arduraz jokatzea suteak piztu ez daitezen.
Amurrion, Txupinazo Egunarekin bat egingo du fenomeno astronomiko historikoak eta jai-giroan murgilduta ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Eklipsea ikusteko plan ezberdinak
Amurrion, Txupinazo Egunarekin bat egingo du fenomeno astronomiko historikoak eta jai-giroan murgilduta ikusteko aukera izango dute herritarrek. Izan ere, 19:00tan Iguarrakoak plaza zeharkatu bezain pronto, Aresketa ingurura abiatuko da kalejira Zaprast elektrotxarangak gidatuta. Aurretik, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, homologatutako betaurrekoak banatuko ditu Udalak.
Amurriokoa ez da, ordea, eklipsea ikusteko antolatutako ekintza bakarra. Aiarako Udalak Etxaurrengo baselizan jarri du hitzordua: 18:00tan irlandar folka euskal doinuekin uztartuko dituzte Kepa Frisko eta Nika Bitchiashvili musikariek, eta zerura begiratzeko unea helduko da ostean.
Aiarako Udalak gogorarazi du beharrezkoa izango dela nor bere betaurrekoak eramatea eta autoak aparkatzeko lekua mugatua izango denez oinez edo bizikletaz joatea gomendatu dute.
Eskualdean ez dago bestelako deialdi ofizialik, baina badira jendetza joatea aurreikusten den behaketa-guneak. Laudion, esaterako, Arraño-Luxa muinoa da horietako bat, eta Udaltzaingoak kotxe bidezko sarbideak kontrolatuko dituela adierazi du tokiko erakundeak.
Txoko sekretuetan batzuek eta jendetsuenetan besteek, gertakari astronomiko historikoa izango da gaur arratsaldekoa, eta behaketa-gune bat aukeratzea, garaiz joatea eta arduraz jokatzea besterik ez da behar izango eklipseaz gozatzeko. Eta zuk, nondik ikusiko duzu?