Gorobelgo ura agortzear dago. Horrela jakinarazi du Aiarako Udalak, zeinak 160.000 ur litroren igoera kudeatu duen pasa den astetik. Abuztuaren 17an ekin zioten edanlekuen depositoak betetzeari, baina tokiko erakundearen ustez hurrengo asterako agortuko da ura, "eguraldia ez bada izugarri aldatzen", gutxienez.
Berez, Arabako Foru Aldundiari laguntza eskatu zion Aiarak eta horrek 60 ordu inguruko ur-igoerak bermatu zituen Gorobelgo bazkaguneetara, baina Diputazioak eskainitako babesa ere amaitzear da.
Aiarako Udalak azaldu du igo duten urarekin ez zela Kobatako urmaela betetzen ari, punpatze sistema ezin baitzen abian jarri. Ondorioz, urasken depositoetan zuzenean isuri dute ura. Halaber, Unginoko putzua ere hornitu dute.
Elkarlana Arabako Foru Aldundiarekin
Aiarako Udalaren zein Ermandadearen bitarteko ekonomikoen falta dela eta, tokiko erakundeak harremanetan jarraitzen du Arabako Foru Aldundiarekin eta aipatu dio eguraldia aldatu ezean, hurrengo asterako urik gabe egongo dela mendizerra. Astean zehar harremanetan jarraituko dute konponbidea adosteko aukerarik dagoen aztertzeko.
Lehen sektorea kolpatuena modu bikoitzan
Ur gabeziak, nola ez, lehen sektoreari eragiten dio zuzenean, udan abeltzainek ganadua igotzen baitute Gorobelera. Tokiko erakundeak berak argitu du, dena den, abere batzuk jadanik jaitsi dituztela, tenperatura altuen ondorioz bazka ere ez baita oparoa izan.