Gaur hasi dira probak C-3 linean 447 serieko trenak erabiltzeko, 20 urte baino gehiago dituztenak

Erredakzioa

Ollargango geltokian dauden azpiegituretan bisitatu zuten trena Susana García Chuecak eta José Antonio Santanok. / Irekia

Valentziatik ekarritako trenak are zaharragoak diren 446 serieko unitateak ordezkatu beharko dituzte apurka-apurka. Zarata eta dardara gutxiago eragiten dute bidaiariengan eta Lottu logoa izango dute.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du gaur hasi direla probak 447 serieko tren bat C-3 linean aritu dadin. Berez, moldaketak egin behar dizkiote ibilgailuari, gaur ekingo diote testatzeari eta hurrengo asteetan sartuko dute garraio publikoan guztiz.

Renferen  logoaren ordez, Lottu-rena izango du trenak, orain aldiriaketako zerbitzua instituzio autonomoaren eskumena baita eta parte hartze prosezu bidez horrela izendatu zuten iaz.

20 urte baino gehiagoko trenak

Renfeko iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, 447 Serieko unitateek 20 urte baino gehiago dituzte eta Valentziatik heldu da orain probetan dagoena. Gehiago ekarriko dituzte, gradualki egungoak ordezkatzeko asmoz, eta Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du erabiltzaileen irisgarritasuna, erosotasuna eta bidaia-baldintzak hobetuko dituztela.

20 urte baino gehiago izan arren, egun zerbitzuan dauden unitateek ematen duten bidaia esperientzia hobetuko dute 447 serieko trenek, Jaurlaritzak azaldu duenez.

Adibidez, barneko zarata eta bibrazioak txikiagoak dira martxan daudenean, bai eta azelerazio- eta balaztatze-faseetan ere, ibilbidean zehar erosotasun-pertzepzioa hobetuz. 447 serieko unitateek trenera sartzea errazteko elementuak dituzte, eta barruan egoteko baldintza hobeak eta klimatizazio eta zirkulazio-egonkortasun hobeak dituzte gaur egun zerbitzua ematen duten material batzuekin alderatuta. Gainera, Mugikortasun Urriko Pertsonentzat (MUP) egokitutako espazioak eta komunak dituzte tren barruan (zerbitzu hori ez zuten 446 serieko unitateek), eta horrek nabarmen hobetzen du bidaia-esperientzia, batez ere iraupen luzeko ibilbideetan.

Gainera, unitate horiek bidaiariei informazioa emateko pantailak dituzte barruan, hurrengo geltokiak, abisuak eta zerbitzuari buruzko informazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera ematen dutenak. Bestalde, tren berriek abiatze eta frenatze leunagoak dituzte, bai eta fidagarritasun operatibo handiagoa ere, eta horrek bezeroari eragiten dioten gorabeherak murrizten lagunduko du. Gainera, energia-kontsumo txikiagoa dute, trakzio-ekipo eraginkorragoei esker, modu horretan Renfek "mugikortasun jasangarriago batekin duen konpromisoa indartuz".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide