Dagoeneko kalean da ikasturteko lehenengo Aiaraldea Hemen hamabostekaria, 237. zenbakia alegia. Ikasturte hasierarekin batera hainbat erreportaje jorratu ditugu bertan eta, beste askotan bezala, azalera zein gai eraman izan dugu eztabaidagai.
Alde batetik, Lantenoko baso-suteari begirada sakona eskaini diogu. Abuztuaren 10ean pizturiko suak 100 hektarea erre ditu eta itzaltze lanek erabat baldintzatu dute bertako bizilagunen egunerokoa ia bi hilabetez. Sutearen lehenego egunek sorturiko zurrunbilo mediatikotik aldendu eta Llantenoko herritarren zein larrialdi zerbitzuetako kideen testigantzak bildu ditugu.
Bestetik, eta hasi berri dugun ikasturtea gogotsu heltzeko, begirada atzera bota eta udako jai-maratoiak utzitako irudiekin argazki erreportaje zabala osatu dugu. Aiaraldea Komunikabideko kideak festarik festa aritu gara jaiek utzitakoa biltzen, eta egindako lanaren lagin txiki bat izango duzue ikusgai hamabostekarian.
Hauek eta beste hainbeste gai interesgarri aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da argitalpena eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.