‘Urrats bat aurrera’ dinamikarekin abiatu duzue ikasturte politiko berria.
Beñat Urkixo: ‘Faxismoari ez!’ lelopean, iragan irailaren 14an burutu genuen manifestazio nazionalaren jarraipena da martxan jarri dugun dinamika politikoa. Manifestazioan bertan aurkeztu zuen Gazte Antolakundeak egitasmoa.
Beharrezkotzat ikusten dugu Euskal Herriak urrats bat aurrera ematea bizi dugun muturreko egoera honi erantzuteko. Kapitalismoaren egungo zikloa agortzear dago, eta datorkiguna are basatiagoa izango da. Egoera berri honek gazteon bizitzak are prekarizatuagoak izatera kondenatzen ditu gazteak.
Horren aurrean, bederatzi aldarrikapenez osatutako proposamen politiko integrala jarri dugu mahaigainean, datorrenari erantzuteko.
Ane Sautua: Manifestazio nazionalarekin eta aurretiaz garatutako dinamikarekin azpimarra egin nahi genuen faxismoaren gorakadan, faxismoak berak eskubideen urraketak dakartzalako. Orain, Ernairen IV. Kongresuan berretsi genuen euskal gazteriaren aldeko konpromisoan sakontzea dagokigula. Hain zuzen ere mahaigaineratutako bederatzi aldarrikapenek horri egiten diote ekarpena, gazteok Euskal Herrian duintasunez bizitzeko baldintzak sortzeari.
Hauek dira proposamena osatzen duten bederatzi aldarrikapenak: Etxebizitza duina eta eskuragarria, euskaraz bizitzeko eskubidea, kalitatezko garraio publiko bateratua, eskubide zibil eta politiko guztiak, enplegu duina, hezkuntza sistema propioa eta doakoa, zaintza sistema publiko komunitarioa, larrialdi klimatikoari irtenbidea eta burujabetza osoa Euskal Herriarentzat.
Proposamena eskualdean lurreratzea dagokizue orain.
A.S.: Hori da, eta proposamena sozializatzeko Aiaraldean ohiartzun gehien duten aldarrikapenekin egingo dugu azpimarra, eskualdeko logikatik. Alde batetik, eskualdean lan-gatazkak eguneroko ogia direla ikusirik, enplegu duinaren aldeko aldarria zabaldu nahi dugu.
Lan esparruak eragiten duen prekarizazio orokortu hori etxebizitzaren aferarekin lotu nahi dugu ere. Gazteon soldatak oso baxuak dira eta alokairuaren prezioak ez du toperik, ez da harritzekoa emantzipaziorako bataz besteko adina 30 urtetik gorakoa izatea. Xabi Egia bezalako jendea ere dugu inguruan, etxebizitzarekin espekulatu eta logelak 500 eurotan alokatzen dituena. Egoerak ez du ez hanka ez buru.
B.U.: Kalitatezko garraio publiko bateratuaren aldeko aldarrikapenak ere eskualdean erabateko eragina duela uste dugu ere.
A.A.: Garraioaren egoerak erabateko eragina du gazteon prekarizazioan. Tren geltokian ordu luzez itxaron beharrean askotan autoa hartzera jotzen dugu, eta hori bada kapitalismoaren adibide gordinetako bat: bakarrik zoaz kotxean, beste gazteekin harremanik egin gabe, gastuak handiagoak dira…
B.U.: Azkenik, mundu mailako faxismoaren gorakada eta krisi globala ikusirik ezinbestekoa deritzogu eskubide zibil eta politiko guztien aldarrikapena egitea. Euskal Herria herri ukatua garen aldetik berebizikoa dugu hori.
Eskualdeko irakurketa propiotik haratago, nola egingo duzue aldarrikapen hauek sozializatzeko?
B.U.: Harreman bira handi bat egiten ari gara orain, aldarrikapen hauek guztiak ahalik eta gazte eta eragile gehienekin elkarbanatzeko. Kalean egon eta kalean proposamena sozializatzea da gure hurrengo erronka.
Aldebiko komunikazioa nahi dugu garatu ahalik eta gazte gehienekin, kezka eta hausnarketa desberdinak biltzeko. Jasotzen dugun horrekin gure proposamena elikatuko dugu ere.
Prozesu horretan mugarririk aurreikusi duzue?
B.U.: Elkarguneak deituriko espazioak antolatuko ditugu, gazteak biltzeko eta proposamena eztabaidatzeko. Lehenengoa datorren asteazkenean egingo dugu, urriak 7, 18:00etan Amurrioko Kultura Etxean. Behin proposamena eztabaidatuta eta sozializatuta, urrats berriak ditugu aurreikusita, gure aldarrikapenak beste esfera batzuetara irits daitezen.
Ikasturte politikoa hasi berri duzuen honetan, bestelako ekimenik aurreikusten duzue?
A.S.: Astelehenean bertan (urriak 5) elkarretaratzea egingo dugu Laudioko Herriko Plazan, etxebizitza duinaren alde. Bestelako mobilizazioak ere ditugu aurreikusita, abenduaren 3an euskararen aurkako oldarraldiaren kontra egingo ditugun manifestazioak, esaterako. Aurreratu dezakegu ere otsailean Aiaraldeko Independentzia Eguna ospatuko dugula. Horri guztiari Ernaik nazional mailan antolatutako bestelako ekimenak gehitu behar zaizkio.
Askotan entzuten da gazteak ez daudela inon.
A.S.: Bidegurutze batean aurkitzen gara, mundu mailan. Gazteok beti egon gara lehen lerroan. Aiaraldeko gazteriari antolatzeko deia luzatu nahi diogu; datorrenari herri erantzun bat eman behar diogu. Ahalik eta aktibazio gehien dugu beharrezkoa.
Mundu mailan gertatzen direnek ere oihartzuna dute gurean.
B.U.: Aiaraldean ez gaude mundutik aparte, eta lehen aipatutako faxismoaren gorakadak ere eragina du gurean. Aurtengo udan bereziki nabaritu da hori, geroz eta normalizatuagoak daude jarrera faxistak.
A.S.: Jarrera anti-feministak, kale egoeran bizi diren pertsona arrazializatuen aurkako oldarraldia… dena dator eskutik, eta gurean ere presente dago.
B.U.: Sistema kapitalistaren mesedetara aktibatzen den erreakzioa da faxismoa. Faxismoa kapitalismoak behar beharrezkoa duen instrumentua da, sistemaren biziraupenerako.
Horri erantzuteko dator Ernairen proposamena.