Atzoko euriteak hainbat intzidentzia eragin zituen Bizkaia eta Araban, eta eragin nabaria izan zuen Aiaraldean ere. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu zuen prezipitazio handiei erantzuteko, eta Euskalmetek eskainitako datuen arabera, Laudioko Gardea auzoan neurtu zen euri-jasarik indartsuena. Bertako estazio meteorologikoak 11,4 litro metro koadroko pilatu zituen 10 minututan.
Hain zuzen ere, eta prezipitazioen eraginez, argindarrik gabe geratu ziren Gardea auzoko bizilagunak atzo iluntzean. Bilbo aldirietako tren-zerbitzuak eten egin ziren Abando eta Urduñako tren-geltokien artean. Gaurko egunean egoerak hobera egin badu ere, oraindik ere zenbait atzerapen eta arazo operatibo ari dira pilatzen aldirietako C3 linean.
Hiru abisu Artziniegan
Artziniegan ere eragina izan zuen atzoko euri-jasak. Udaletik zehaztu dutenez hiru gertakariren berri izan zuten, eta horietako batean Suhiltzaileek esku hartu behar izan dute. Gertakaririk ikusgarriena Arteko Aldapa eta Garai Plazaren arteko bidegurutzean sortutako ur-baltsa handiak izan ziren; hosto eroriek estolderia buxatu izanaren ondorio.