Gervasio Sanchez fotokazetariak “Activistas por la vida” erakusketa aurkeztuko du Urduñan eta Amurrion

Garazi Cuadra Alvarez

Gervasio Sanchez fotokazetaria, artxibo irudi batean. / Gervasio Sanchez

Urriaren 8tik abenduaren 13ra, Gervasio Sanchez fotokazetariaren Activistas por la vida erakusketa Urduñako Museoan eta Amurriko La Casonan egongo da ikusgai. Guatemalan eta Hondurasen giza eskubideen eta ingurumenaren defentsan diharduten 40 pertsonaren istorioak jasotzen ditu proiektuak.

Gervasio Sanchez kazetari eta argazkilariaren “Activistas por la vida” proiektua hartuko dute Orduña Hiria Museoak eta Amurrioko La Casonak, urriaren 7 eta 8tik aurrera, hurrenez hurren. Guatemalako eta Honduraseko giza eskubideen eta ingurumenaren alde borrokatzen duten 40 pertsonen eguneroko bizitza eta testigantzak erakusten ditu erakusketak, argazkien, testuen eta bideo-elkarrizketen bidez.

Proiektuaren bitartez, bi herrialde horietan lurraren, ingurumenaren eta komunitateen eskubideen defentsan jarduten duten pertsonen errealitatea ezagutarazi nahi da. Izan ere, haien lana interes ekonomiko eta enpresarialekin talka egiten du askotan. Besteak beste, merkatu globalera bideratutako baliabide naturalen ustiapenean aritzen diren inbertitzaile, enpresa eta talde transnazionalen jarduerei aurre egin behar diete.

Sanchezek pertsona horien eguneroko bizitza erdigunean jartzen du. Komunitateen eta lurralde defentsan aritzeagatik, heriotza-mehatxuak, jazarpena eta presioak jasan dituzte. Argazkilariaren hitzetan, erakusketa “edozein unetan erailda suerta daitezkeen pertsonen eguneroko bizitza da”. Lurraren eta baliabide naturalen defentsaren alde egiten duten aktibistak ez ezik, enpresa handien esplotazioa salatzen duten pertsonen eta Guatemala zein Hondurasen gertatzen dena kontatzen saiatzen diren kazetariak ere ageri dira proiektuan.

Erakusketa hauek “Herriarte-Entrepueblos” erakundeak antolatu ditu, 1988an Hego Amerikan sortutako nazioarteko elkartasun-elkarte independente, feminista eta oinarri sozial aktibistaduna. Elkartasunezko lankidetzaren, bidezko hezkuntza globalaren eta eragin politikoaren bidez, “Herriarte-Entrepueblosek” mugimendu feminista eta ekologistekin zein nekazari eta jatorrizko komunitateekin batera egiten du lan giza eskubideen aldeko borrokan. 

Proiektua bi erakusketetan banatu da: Urduñako Museoan 20 aktibisten istorioak ezagutu ahal izango dira, eta beste 20ak, Amurrioko La Casonan egongo dira ikusgai.

“Edozein unetan erailda suerta daitezkeen pertsonen eguneroko bizitza da”

Gervasio Sanchez, kazetaritza eta argazkintza uztartuz

Gervasio Sánchez kazetari, gerrako erreportari eta argazkilari kordobarra da. 1984tik Heraldo de Aragón egunkarian kazetari ibilbide luzea egiteaz gain, hamabi liburu argitaratu ditu, Cadena SER irratiko ohiko kolaboratzailea da eta Albarracingo Argazkigintza eta Kazetaritza Mintegia zuzentzen du.

Inagurazioak, urriaren 7 eta 8an

Amurrioko erakusketaren inaugurazioa urriaren 7an izango da 19:00etan. Urduñakoa, aldiz, biharamunean izango da, ordu berean. Gervasio Sanchez bera bertan izango da erakusketa aurkeztu eta bisita gidatua egiteko. Ekitaldian parte-hartzaileek tarte musikatuak eta luntxa ere izango dituzte. Sarrera doakoa izango da, eta erakusketa abenduaren 13ra arte egongo da. La Casonan, aldiz, urriaren 30ra arte bisitatu ahalko da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide